Gizartea -
Manifestazioa
Zerbitzu publikoak eskatu dituzte Madrilgo 'marea' koloretsuan
Hileko hirugarren igandean egin ohi den "marea zuriari" hezkuntzako "marea berdea" eta zientziako "marea gorria" batu zaizkio.
Erredakzioa
Milaka lagunek marea zuria, berdea eta gorria osatu dute igande honetan Madrilen, osasungintza, hezkuntza eta zientzia publikoa aldarrikatzeko. Manifestarien esanetan, alor horiek pribatizatu beharrean hiritarren zerbitzura jarri behar dira, eta Espainiako Gobernuari murrizketak baliatuta pribatizaziora jotzea leporatu diote.
6.000 pertsona zenbatu ditu Poliziak, eta antolatzaileen esanetan, berriz, 20.000 lagunek parte hartu dute Atotxan hasi eta Puerta del Solen amaitu den manifestazioan. "Hezkuntzarik gabe ez dago zientziarik eta zientziarik gabe ezta osasunik ere" lelopean egin dute bidea. Halaber, beste hainbat lelo ere ikusarazi dituzte: "Murrizketarik ez, bai osasungintzari eta zerbitzu publikoei", "Nire osasuna salgai" edo "PP alderdi arriskutsua".
Madrilgo osasungintza publikoak egiten duen hamalaugarren manifestazioa da. Hileko hirugarren igandean egin ohi den "marea zuriari" hezkuntzako "marea berdea" eta zientziako "marea gorria" batu zaizkio.
Carmen Ortega osasun arloko langileak azaldu duenez, oraindik ezer lortu ez dutelako jarraitzen dute manifestazioak egiten. Halaber, osasungintza, hezkuntza eta zientzia publikoa babesten jarraitu behar dela gaineratu du.
Marea gorria eta berdea batu zaizkiela galdetuta, guztien aldarrikapenak funtsean berdinak direla nabarmendu du; izan ere, "zientziarik gabe ez dago osasunik, eta hezkuntzarik gabe ezta zientziarik ere".