Gizartea -

Urriaren 18an desagertu zen

Pablo Egiluz: 'Hodei Belgikan noraezean egotea espero dugu'

Hodei Egiluzen aitak agerraldia egin du estreinakoz hedabideen aurrean Belgikan, Anberes hirian egindako prentsaurreko batean, eta ikusmin handia piztu du.

Ikerketak sekretupean jarraitzen du. Irudia: EiTB
Ikerketak sekretupean jarraitzen du. Irudia: EiTB
Hodei Egiluz Belgikako hiriren batean egotea espero du bere aitak

1:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Egiluz Hodei Egiluzen aita hedabideen aurrean agertu da lehen aldiz, eta lehenengo hitzak semeari zuzendu dizkio: "Kaixo maitea. Pablo naiz. Entzuten ari bazara, deitu".

Child Focus erakundearekin batera agertu da Hodei Egiluzen aita, semea desagertu zenetik bi hilabete betetzeko hamar egun falta diren honetan. Aitaren esanetan, senideek ez dute itxaropena galdu, eta oraindik ere badute esperantza: "Espero dugu Hodei Belgikako kaleetan noraezean ibiltzea", gaineratu du. Edonola ere, hala bada, lehenbailehen eurekin harremanetan jartzeko eskatu du.

Bestalde, Child Focus erakundeak kanpaina nazional bat egingo duela iragarri du, eta Hodeiren argazkia duten 5.000 kartel egin eta Belgika osoan jarriko dituztela azaldu du.

Halaber, Hodei desagertu zenetik bi hilabete betetzen diren egunean, hilaren 19an, elkarretaratzea egingo dutela iragarri dute prentsaurrekoan zeuden gazte galdakoztarraren lagunek.

Galdakaoko gaztea desagertu zenetik, bost lagun (lau heldu eta adingabe bat) atxilotu ditu Poliziak horrekin zerikusia izan dezaketelakoan. Zantzu guztien arabera, bortxazko lapurreta baten biktima izan zen galdakarra. Atxilotuetako batek Egiluzen sakelako telefonoa eta kreditu txartela zituen, eta atxilotutako beste biri eman zizkien.

Alabaina, emakume bat askatu zuen azaroan Poliziak, Gazet van Antwerpen Anberesko egunkariak zabaldu duenez. Aske utzi zuten emakume hori, Carmen T. (45 urte), Hodeiren sakelako telefonoa zuelako atzeman zuten. Emakumeak bere burua entregatu zuen Polizia bere atzetik zebilela jakin zuenean. Egiluzen sakelako telefonoa erosi zuela onartu zuen baina haren berririk ez zuela azaldu zuen. Ilse Claes instrukzio-epailearen azken erabakietako bat izan da hori; izan ere, beste epaile baten esku utzi dute orain auzia, Anberesko hedabideen esanetan.

Egiluz urriaren 19ko goizaldean desagertu zen Belgika iparraldeko hiri horretan, eta ordutik dabiltza haren bila; kasua sekretupean du Poliziak. Gaztea "ekintza kriminal baten biktima" izan zela pentsatzeko zantzuak daude, Poliziaren ustez. Gaztearen gorpua Eskalda ibaian ere bilatu zuten, baina ez zuten haren arrastorik aurkitu.

Azaroaren 19an, Hodei galdu eta hilabetera, senideek eta lagunek kontzentrazioak egin zituzten bai Galdakaon bai Anberesen.

Ion Uribe Galdakaoko alkatea Belgikara joan zen Anberesko alkatearekin hitz egin eta ikerketak aurrera jarrai dezala eskatzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea