Gizartea -
Hilketa
15 urte Aitor Zabaleta gabe
1998ko abenduaren 8an Ricardo Guerra neonaziak labankadaz hil zuen realzalea, Atletico Madrilek eta Realak UEFAko kanporaketa bat jokatu aurretik.
I.G. | eitb.com
15 urte igaro dira Ricardo Guerra Cuadrado neonaziak Aitor Zabaleta Real Sociedadeko zalea labankadaz hil zuenetik, Vicente Calderon zelaiaren inguruetan, Madrilen. Guerrak 17 urteko kartzela zigorra jaso zuen Zabaleta hiltzeagatik, 2000. urtean.
Gertaera 1998ko abenduaren 8an jazo zen, Bastion talde ultrak futbolzale donostiarren kontra antolatutako segada batean, Atletico Madrilek eta Realak UEFAko kanporaketa bat jokatu aurretik.
18:00ak aldera heldu ziren Izar emakumeen elkarteko kideak, gehienak emakumeak eta haurrak, Vicente Calderonen inguruetara, haiekin batera zeuden zenbait gizonezkoekin batera.
Goiz heldu ziren, falta zitzaizkien sarrerak erosi behar baitzituzten, eta berton zegoen udaltzaingo bati leku lasai bat gomendatzeko eskatu zioten. Horrek gertuko taberna batera bidali zituen, Athletico Madrilen Bastion taldeko kideak bildu ohi ziren lekura, hain zuzen.
Hasiera batean liskarrak izan ziren realzale eta neonazien artean; besteak beste realzaleak iraindu, euren kamisetak apurtu... egin zuten Bastioneko kideek, baina donostiarrek ihes egin zuten.
Alabaina, Aitor Zabaleta atzean geratu zen ultrekin izandako eztabaidagatik eta sei urteko ume bat babesteko gelditu zelako. Ondoren, Veronica Olivenza Zabaletaren neskalagunaren bila joan zen, elkarrengandik bananduta zeuden eta. Bat-batean, lau nazik Zabaleta inguratu eta horietako batek heriotza eragin zion, bihotzean labankada bat emanda.
Realzalea ospitale batean sartu zuten, bihotza geldirik zuela, ondoren koman sartu baina abenduaren 9ko 03:00ak aldera hil zen.
Epaiketa eta zigorra
Herria zeharo astindu zuen gertakari horrek, eta 2000. urtean egindako epaiketa batean, epaimahai batek erruduntzat jo zuen Ricardo Guerra Atletico Madrilen jarraitzailea, martxoaren 31an.
Urte eta erdi geroago, Madrilgo Auzitegiak Guerrari ezarritako 17 urteko kartzelaldia baieztatu zuen orduan Auzitegi Gorenak, baita Zabaletaren senideei eta neskalagunari eman beharreko kalte-ordaina ere; alegia, 20 milioi pezetakoa familiari eta 10 milioikoa bikotekideari.
Euskadi Irratiak egindako elkarrizketa batean, Javier Zabaleta Aitor Zabaletaren aitak esan du "noski baietz min egiten dutela" Vicente Calderonen bere semearen kontra botatzen dituzten oihuek, baina "ez naiz pankarta batekin han jarriko".
Javier Zabaletak, halaber, aitortu duenez, "hemen gurekin dago jendea" eta mundu guztiarengandik babesa jasotzen dutela.
2012an, berriz ere atxilotuta
Iaz berriro ere atxilotu zuten Gerra, Madrilgo Victoria Kent zentroan droga sartzen saiatzen ari zela.
Espetxeetako eraikinetan ohi legez egiten duten miaketan, 1,6 kilo haxix atzeman zioten, 150 'ezkurretan'.