Gizartea -
Aurreproiektua
Herritarren Segurtasunerako Legea aztertuko du Ministroen Kontseiluak
Polemikaren ostean, isunak arindu ditu Barne Ministerioak, eta kritika gehien eragin dituzten arau-hausteek ez dituzte horren isun handiak eragingo.
Erredakzioa
Herritarren Segurtasunerako Legearen aurreproiektua aztertuko du ostiral honetan Ministroen Kontseiluak. Arinduta helduko da zirriborroa batzarrera, Barne Ministerioak polemika gehien eragin dituzten arau-hausteak oso larri izatetik larri izatera pasatuko baitira.
Orain bi aste ezagutu zen zirriborroak hautsak harrotu ditu: oposizioak kritika gogorrak egin ditu eta gizarte eragileak suminduta agertu dira. Hala, Jorge Fernandez Diazek hainbat kontu aldatu ditu.
Hori horrela, Kongresu edo Estatuko goi erakundeen aurrean egindako protesta ez komunikatuak ez dira arau-hauste oso larriak izango (1.000 eta 30.000 euro arteko isunak aurreikusten dira horiek zigortzeko), larriak baizik.
Polizia agenteak iraintzeak edo mehatxatzeak ere ez du horren isun handia eragingo, arau-hauste arintzat joko baita (100 eta 1.000 euro arteko isuna).
Aurreproiektu berri honetan, 10 arau-hauste oso larriak izango dira (aurreneko zirriborroan, 21 ziren), eta larriak (30 bat) eta arinak (ia 20) ere izango dira.
Arau-hauste oso larriak
Ekitaldi publiko, erlijioso edo kirol jarduera jendetsuetan nahasmendu oso larria eragitea; zentral nuklearren eta aireportu pisten aurrean protesta ez komunikatuak egitea, eta hauteskunde kanpaina amaitu eta hauteskunde eguna bitartean egindako manifestazio 'probokatzaileak' antolatzea arau-hauste oso larriak izango dira.
600.000 euro arteko isunak eragin ahalko dituzten beste arau-hauste batzuk: tren, metro eta hegazkin pilotuen ikusmena laser bidez oztopatzea eta debekatutako armak eta lehergaiak egitea, konpontzea, biltzea edo edukitzea.
Segurtasun arrazoiak tarteko espresuki debekatutako ikuskizun publikoak egitea edo bi urteko epean, hiru arau-hauste arin izatea ere oso larritzat hartuko da.
Urratze larriak
Estatuko erakundeen aurrean protesta ez komunikatuak egitea arau-hauste larritzat hartuko da, eta baita ordena publikoa nahastea ere, kaputxa edo identifikazioa zailtzen duen edozein elementu aldean eramanda.
Poliziei euren lana egitea oztopatzeak 1.000 eta 3.000 euro arteko isuna ekarri ahalko du. Isun hori bera ezarriko zaio agente bati identifikazioa ukatu edo aurre egiten dionari.
Umeak dauden guneetan (eskolak, parkeak) edo espaloietan prostituzio zerbitzuak eskaintzea ere arau-hauste larria izango da.
Gorrotoa, xenofobia, terrorismoa, arrazakeria edo emakumearen kontrako indarkeria goratzeko edo justifikatzeko asmoa duten manifestazioak edo ordena publikoa asaldatzen duten protesta ekitaldiak ere atal honetan sartuko dira.
Droga legez kanpo edukitzea eta garraiatzea edo, trafikorako ez bada ere, marihuana landatzea ere arau-hauste larritzat hartuko dira.