Gizartea -
Hezkuntza
Mobilizazioak deitu dituzte gaurko eta biharko LOMCEren kontra
ELAk, LABek eta STEE-EILASek begi onez jo dute Legebiltzarrean Lomce legea ez aplikatzeko lantaldea osatzea, EH Bilduren proposamena.
Erredakzioa
ELA, LAB, STEE-EILAS eta hezkuntza alorreko beste elkarte batzuk (Ikasle Abertzaleak, Sortzen-Ikasbatuaz gurasoen elkartea, etab) mobilizazioak deitu dituzte gaurko eta biharko Lomce hezkuntza legea errefusatzeko eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko.
Bilbon eman duten prentsaurrekoan iragarri dutenez, bihar kontzentrazioa egingo dute Eusko Legebiltzarraren atarian, Lomce-ri buruz egingo duten eztabaida monografikoaren harira.
Era berean, hezkuntza alorreko jendeari eta herritar guztiei Lomce-ri aurre egiteko eta ostegunean eskolen atarietan egingo dituzten kontzentrazioetan parte hartzeko deia egin diete, ostegunean onartuko baitu legea Kongresuak.
Azaroaren 28an bertan, manifestazioak egingo dituzte arratsaldean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, inposaketa "arrotzen" aurrean, hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko.
Protesta deitu dutenen arabera, PPren Espainiako Gobernuak sustatutako legea "eraso handia" da, eta "konpromisoak hartzeko garaia heldu da".
Koldo Tellituk eta Ana Perezek, sindikatuen izenean, Lomce legea ez aplikatzeko "beharrezko pausoak" ematea eskatu diote Eusko Legebiltzarrari.
Horren harira, begi onez jo dute Legebiltzarrean Lomce legea ez aplikatzeko lantaldea osatzea, hau da, EH Bilduren proposamena.