Gizartea -
Noos auzia
Fiskaltza, Cristina infanta inputatzearen kontra
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak idatzi bat aurkeztu dio Jose Castro Noos auziko epaileari. Fiskaltzaren esanetan, ez dago Cristina infanta inputatzeko froga nahikorik.
Erredakzioa
Noos auzian, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza Cristina infanta inputatzearen kontra agertu da, haren aurkako froga nahikorik ez dagoela argudiatuta.
Jose Castro Noos auziko epaileak ez du Cristina infanta inputatzeko zantzu aipagarririk aurkeztu, Fiskaltzaren arabera. Castro epailea Iñaki Urdangarinek eta Cristina infantak partekatzen duten Aizoon enpresak ustez egindako delituak ikertzen ari da.
Pedro Horrach fiskalak idatzia bidali dio epaileari, eta, horren arabera, "susmoak eta usteak ez dira nahikoak inputatzeko". Apirilean, Cristina infantaren lehen inputazioaren kontrako helegitea aurkeztu zuen, eta, ondoren, Palmako epaitegiak bertan behera utzi zuen.
Epaileak ez du oraindik erabaki Cristina infanta inputatuko duen ala ez; izan ere, Poliziaren eta Ogasunaren hainbat txostenen zain dago. Dena den, zerga iruzurraren eta diru-zuritzearen gaineko ikerketa egin nahi du lehenik, eta bildutako informazioa akusazioari helaraziko dio ondoren.