Gizartea -

Bartzelona

'Distraziorako' ukabilkadak eman izana aitortu du mosso batek

Juan Andres Benitez enpresaburuaren heriotzagatik epaileak inputatu zituen zortzi mossoek epaile aurrean deklaratu dute.

Mossoek egindakoa defendatu dute

1:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Andres Benitez enpresaburuaren heriotzagatik epaileak inputatu zituen zortzi mossoetako batek 'distraziorako' ukabilkadak eman izana aitortu du epaile aurrean, baina kolpe horiek saihetsean eman zizkiotela azpimarratu du, ez buruan. Halaber, biktimari emandako ostikadak lankide bat albotik kentzeko izan zirela deklaratu du.

Guztira, zortzi agente inputatu zituen epaileak enpresaburuaren heriotza dela-eta. Iturri judizialek jakitera eman dutenez, Polizia Nazionalaren txostenaren arabera biktimari buruan bost ukabilkada eman zizkion mossoak arratsaldean deklaratu du. Hain zuzen ere, bost ukabilkada horien helburuak eztabaida eragin zuen Polizia Nazionalaren eta Generalitateko Barne Kontseilaritzaren artean, azken horren arabera, ez baitziren buruan izan, saihetsean baizik.

Epaile aurrean egin duen deklarazioan, agenteak azpimarratu du Benitezek hainbat kolpe eman zizkiola bere buruari zoruaren kontra, eta kolpe horiek buruan hartu zituela. Halaber, kolpe gehiago har ez zitzan, burua eskuetan hartu ziola ere adierazi du.

Gainerako agenteek deklaratu zutenean bezala, auzokide batek grabatutako irudiak ikusi dira saioan zehar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea