Gizartea -

Greba mugagabea

Madrilgo kaleak zaborrez gainezka, grebaren 9. egunean

Lan-gatazka konpontzeko zantzurik ez dago, eta bizilagun eta merkatariak arduratuta daude. Nazioartean ere harrabotsa eragin du grebak, eta horrek min egin diezaioke hiriburuaren irudi turistikoari.

Zaborrez gainezka dago Madrilgo Udaletxearen aurrealdea. EFE
Madrilgo zaborren greba.
Zaborrez gainezka dago Madrilgo Udaletxearen aurrealdea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zikinkeriaz eta zaborrez beteta. Hala daude bederatzigarren egunez Madrilgo kaleak, garbiketa zerbitzuetako langileek abiatutako greba mugagabearen ondorioz. Konponbideak, gainera, urrun dirudi.

Oraingoz egoera ez da osasun publikoari erasatekoa modukoa. Hala azpimarratu du Ana Mato Osasun ministroak. Madrilgo gobernua "erne" dago, eta, egoera "benetan larria" denean eta osasunerako arriskutsu bihurtzen denean, "hartu beharreko neurriak" hartuko dituela agertu du.

Bien bitartean, herritarrek gatazka lehenbailehen konpontzeko eskatu dute. 2.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte Internet bidez Armadak kaleak garbi ditzan. Defentsa Ministerioak argi utzi du Udalak berak eskatu beharko diola esku hartze hori, eta halakorik, oraingoz, ez duela egin.

Irtenbide barik

Madrilgo gobernuak eta sindikatuek negoziatzen jarraitzen dute, baina, gaur-gaurkoz, ez dirudi konponbide azkarra edukiko duenik. Lan-gatazka garbiketa enpresek iragarritako enplegu-erregulazioko txosten baten harian sortu da: 6.000 langileetatik 1.000 baino gehiago kalean geratuko lirateke, hori betez gero. Madrilgo gobernuak % 33 murriztu zuen garbiketarako aurrekontua, eta hortik etorri ei da txostena.

Enpresek proposamen berria egin zioten langileei atzo. Horren arabera, langileek 2007ko soldatei eta antzinakotasunari eutsiko zieten, baina hilabeteko enplegu-erregulazioko txostena aplikatuko liekete behargin guztiei. Astelehenean, berriz, kaleratuen kopurua 625ra murriztu zuten, baina soldatak murriztea zekarren eskaintzak. Aukera guztiei ezetz esan diete sindikatuek.

Bederatzi egun hauetan, 16 lagun atxilotu, 211 identifikatu eta 27 salatu dituzte "ekintza bandalikoak" egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea