Gizartea -
Cabacas auzia
Lau ertzain inputatu dituzte Iñigo Cabacasen heriotzagatik
Dirudienez, Athletiken jarraitzailea hil zen kalean gomazko pilotak jaurti zituzten hiru agente eta tiro egiteko agindua eman zuen ofizialordea dira inputatuak.
Erredakzioa
Ana Torres Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiko epaileak lau ertzain inputatu ditu Iñigo Cabacasen heriotzarekin lotuta, EiTBk jakin ahal izan duenez. Auto horretan, epaileak ez omen du baztertzen prozesu judizialak aurrera egin ahala pertsona gehiago inputatzea.
Dirudienez, Cabacas hil zen lekuan, Maria Diaz de Haro kalean, gomazko pilotak jaurti zituztela aitortu zuten hiru ertzain dira inputatuak, baina ez dira hori onartu zuten bakarrak. Laugarren inputatua tiro egiteko agindua eman zuen ofizialordea da.
Lau ertzain horiek dagoeneko deklaratu dute epailearen aurrean, baina lekuko gisa. Ertzaintzak kargugabetu egin zituen lau agente horiek, eta egun administrazio lanetan dihardute.
Jone Goirizelaia Cabacas familiaren abokatuak polizia-operazio horretan parte hartu zuten eta eskopeta zeramaten ertzain guztiak eta bi ertzainburu inputatzea eskatu zuen.
Era berean, ardura politikoak argitzea eskatu zuen, eta horretarako Miguel Buen Herrizaingo sailburuordea eta Jose Antonio Varela Ertzaintzaren zuzendari ohia inputatzea.