Gizartea -
Madril
Etxenike 'doctor honoris causa' izendatu du Madrilgo Konplutentseak
Etxenikek bere hitzaldian nabarmendu duenez, "sari honek partaide naizen erakundearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, bikaintasuna saritzen du".
Erredakzioa
Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak (UCM) doctor honoris causa izendatu du Pedro Miguel Etxenike Landiribar Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Materia Kondentsatuaren Fisikan katedraduna, Jose Carrillo Madrilgo unibertsitate horretako errektoreak zuzendutako ekitaldian.
Inbestidura ekitaldian, besteak beste, hauek izan dira: Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Itziar Alkorta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Juan Ignacio Perez Iglesias, Pello Salaburu eta Gregorio Monreal EHUko errektore ohiak eta Cristina Garmendia eta Elena Salgado Espainiako ministro ohiak.
Etxenikek bere hitzaldian nabarmendu duenez, "sari honek partaide naizen erakundearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, bikaintasuna saritzen du". Gainera, esker bereziak eman dizkie taldekide, ikertzaile eta ikasleei. "Pertsona horiei guztiei nire esker onak eman nahi dizkiet, elkarrekin eraiki dugunarengatik", gaineratu du.
Antonio Hernando Grande irakaslea izan du laguntzaile ekitaldian. Horren lana goraipatuz esan duenez, "gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatea nazioarteko zientzia-bikaintasunaren mapan" dago Pedro Miguel Etxenike bezalako pertsonei esker, Materia Kondentsatuaren Fisikaren hainbat arazo landu baititu "distira osoz".
"Hori bera adierazten du, hain zuzen, bere lanaren inguruan 13.000 erreferentzia baino gehiago izateak, Physical Review zientzia aldizkarietan 200 lan baino gehiago argitaratu izanak (horietako 45 baino gehiago Physical Reviw Letters izan dira), eta Science eta Nature aldizkarietan argitaratutako lanek", azaldu du.
Pedro Miguel Etxenike (Izaba, Nafarroa, 1950) EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikan katedraduna da 1986tik, Donostia International Physics Center (DIPC) eta CIC nanoGUNE zentroak zuzentzen ditu, Euskampus Fundazioaren –Nazioarteko Bikaintasun Campusa– presidenteordea da, eta Asturiasko Printzearen Sarietan (Ikerketa Zientifikoaren eta Teknikoaren alorreko sariduna hautatzeko) epaimahaiburu izan da.
Hainbat sari jaso ditu, Ikerketa Zientifikoaren eta Teknikoaren Asturiasko Printzearen Saria, Max Planck saria, Blas Carrera Espainiako sari nazionala, Euskadi Ikerketa saria eta Kulturaren Vianako Printzea saria. Halaber, Alfontso X.a Jakitunaren Gurutzea, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen, Espainiako Fisika Elkartearen, Donostia Hiriaren eta Gipuzkoako urrezko dominak jaso ditu. Donostiako ohorezko enbaxadore izendapena ere jaso du.