Gizartea -
Belgikako Poliziak
Hodei Egiluzen gorpua Anberesko ibaian bilatzeko agindua eman dute
Poliziaren hipotesi batean oinarrituta, haren hilotza Belgikako hiri hori zeharkatzen duen ibaian bilatzen hasi dira, bertara bota zutela uste baitute.
Erredakzioa
Hodei Egiluz Diaz euskal herritar gaztearen hilotza Eskalda ibaian bilatzeko lanei ekiteko agindua eman dio Poliziari Anberesko epaile batek, zenbait hedabide belgikarrek zabaldu dutenez. Egiluz urriaren 18an desagertu zen.
Bilaketa-lanak Belgikako Poliziaren hipotesi batean oinarrituta abiarazi dituzte, hilotza hiria zeharkatzen duen ibaira bota zutela uste baitute, Het Laatse Nieuws eta Nieuwsblad egunkariek zabaldu dutenez. Poliziak Aan de Stroom Museoaren inguruan ekin dio gorpua bilatzeari, Gazet van Antwerpen hedabidearen arabera.
Hodei Egiluz Diaz 23 urteko galdakoztarra urriaren 18an desagertu zen, Anberes hirian, ingeniaritza informatikoaren ikasle-truke batean parte hartzen ari zela.
Belgikako Poliziak bost pertsona atxilotu ditu ordutik, euskaldunaren desagertzearekin lotura dutelakoan. Atzo atxilotu zituzten azken biak: 16 urteko nerabe errumaniar bat, eta horren bikotekidea, Yusef M., 20 urteko marokoarra. Ikertzaileen arabera, gazteek bitartekari lanak egin omen zituzten Egiluzen telefonoa saltzeko, hedabide flamenkoek aireratu dutenez.
Aurretik, Mohamed Y. (25 urte) marokoarra atxilotu zuten, Egiluzen txartela erabili ostean, eta Carmen T. 45 urteko errumaniarra, Egiluzen telefonoa 60 euroren truke erosi izana onartu zuen gaztearen ama.
Gazet van Antwerpen hedabideak ikerketako iturriak aipatuta zabaldu duenez, agintariek ez dute argi "zer gertatu zen", baina baliteke "pistola batekin egindako lapurreta batean" kontrola galdu izana.
Informatika-ingeniaria da Egiluz, eta apirilean joan zen Galdakaotik Anberesera, bertako enpresa batean praktikak egiteko asmoz. Udan enpresak kontratu bat eskaini zion.
Desagertu ostean, Poliziak gaztearen argazki bat eta desagertzearen inguruko datuak aireratu zituen, eta gertatutakoaren berri emateko hainbat bide zabaldu zituen.
Geroago, hura bilatzeko agindua eman zuten, eta Egiluzen argazkiak nonahi zabaldu zituzten, baina ez dute esperotako emaitzarik jaso oraindik.