Gizartea -
Anberesen desagertu zen
Bost lagun atxilotu dituzte Hodei Egiluzen desagertzearekin lotuta
Belgikako egunkari batek aurreratu duenez, lau heldu eta adingabe bat dira atxilo hartutakoak. Fiskaltzak ez du informazioa baieztatu.
Erredakzioa
Bost lagun, lau heldu eta adingabe bat, atxilotu dituzte azken orduetan Hodei Egiluz Galdakaoko gaztearen desagertzearekin zerikusia izan dezaketelakoan, Nieuwsblad Belgikako egunkariak jakinarazi duenez. Fiskaltzak ez du informazioa baieztatu, eta izapideak bukatu arte ez du egingo.
Egunkari horren arabera, bortxazko lapurreta baten biktima izan zen Egiluz. Erasotzaileek arma zuriren bat erabili zuten gaztea mehatxatzeko.
Atzo arte, hiru ziren atxilo hartutakoak: emakume bat, gizon bat eta adingabe bat. Azken honek Hodeiren sakelako telefonoa eta kreditu txartela beste biei eman ziena ei da.
23 urteko bizkaitarra urriaren 18an desagertu zen, Anberesen. Gau horretan, lagun batzuekin afaldu zuen, eta, 02:00etan, etxera abiatu zen. Harrezkero ez dute haren berri izan.
Belgikako Poliziak doako telefono zenbaki bat (116 000) jarri du, gaztearen desagerpenari buruzko informazioa jasotzeko.