Gizartea -
LOMCE-ren kontra
Jarraipen zabala hezkuntza alorreko greban, sindikatuen arabera
UGT eta CCOO sindikatuen arabera, % 80koa da jarraipena, baina ez da jarraipen bera izan denean. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egin dituzte.
Erredakzioa
CCOO, UGT eta STES sindikatuen arabera, % 83koa izan da hezkuntzako grebaren jarraipena unibertsitatetik kanpo. Hala ere, ez da jarraipen bera izan erkidego guztietan.
Unibertsitate publikoen kasuan, % 91koa izan da jarraipena; baina irakaskuntza pribatuan, % 35ekoa besterik ez, Eskola Publikoaren aldeko Estatuko Plataformako kide diren sindikatu horiek jakitera eman dutenez.
Prentsa-agiri batean azaldu dutenez, mobilizazioekin jarraituko dute Espainiako Gobernuak murrizketei eta hezkuntza erreformari eusten badie.
Ikasleen Sindikatuak (SE) adierazi duenez, ikasleen % 90ek egin dute bat grebarekin. Ikasleen Guraso Elkarteen Espainiako Konfederazioak (Ceapa), berriz, gurasoek ere seme-alabak eskolara ez eramatea erabaki dutela azpimarratu du.
"Argi dago hezkuntza geldiarazi egin dugula", esan du Jose Luis Pazos Ceapako bozeramaileak.
Jarraipena EAEn
Grebaren jarraipena % 48,9koa izan da EAEko zentro pribatuetan, eta % 25,8koa publikoetan, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Hala ere, oso datu gutxitan oinarritutako batez bestekoa dela onartu du Hezkuntza Sailak.
800.000 irakasle eta 10 milioi ikasle eta guraso deitu dituzte kalera ateratzera gaur Espainiako Estatu osoan, Espainiako Gobernuak onartu duen hezkuntza erreformaren kontra protesta egiteko.
UGT, CCOO eta EILAS sindikatuek eta EHIGE eta Sarean elkarteek kontzentrazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Nafarroan, berriz, hezkuntza komunitate osoa atera da kalera LOMCEri ezetz esatera. Manifestazio nagusiak Iruñean eta Tuteran izan dira.
Bigarren greba aurten
Bigarren aldiz deitu du aurten hezkuntza alorreko greba orokorra Eskola Publikoaren aldeko Estatuko Plataformak. Haur-hezkuntzatik unibertsitatera hezkuntza geldiarazteko deia egin die plataformak irakasle, guraso eta ikasleei, murrizketak eta Jose Ignacio Wertek sustatutako hezkuntza erreforma salatzeko.
Hezkuntza publikoko eta pribatuko sindikatu nagusiek bakoitzak bere aldetik deitu dute greba Espainia osoan, guraso elkarteen, ikasleen, ezkerreko alderdien eta gizarte eragileen babesean.
Estatuko manifestazio handiena Madrilen izango da, 18:30ean, eta 'marea berdeak' hirigunea estaliko duela espero dute antolatzaileek.
Orain arte zazpi pertsona atxilotu dituzte piketeekin lotutako gertakariengatik; bost Meridan eta bi Zaragozan.
Gobernuaren kritika
Montserrat Gomendio Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko Estatu idazkariak murrizketen kontrako protesta LOMCE legea salatzeko baliatzea egotzi die sindikatuei, eta ikasleak eskolara ez joatea argudio gisa erabiltzea gaitzetsi du.
75.300 irakasle gutxiago
CSIF sindikatuak, bere aldetik, sutsuki defendatu du greba deialdia, 75.300 irakaslek lanpostua galtzea "nahikoa arrazoi" delakoan.
Rubalcaba: "Ezezkoarekin etorkizuna landuko dugu"
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiaren esanetan, Espainiako gizartea "etorkizuna lantzen" ari da, grebaren bitartez Werten legeari "ezezko borobila" emanda.
Rubalcabak oharra igorri die herritarrei, "amua" irentsi ez dezaten, Espainiako Gobernuaren hezkuntza politika ez dela krisiagatik horrelakoa, baizik eta "ideologiagatik, herritarren gehiengoak babesten ez duen ideologia atzerakoiagatik".