Gizartea -
Herri-Kontuen Euskal Auzitegia
Osakidetzak kontratazio arauak hautsi zituen 2010ean
Euskal osasun zerbitzuak hainbat irregulartasun egin zituen kontratuetan, bai kontratu luzapenetan eta baita berrietan ere, Herri-Kontuen Euskal Auzitegiaren arabera.
Erredakzioa
Osakidetzak administrazioko kontratazio arauak hautsi zituen "zenbait kasutan" 2010ean, baina bere aktibitate ekonomiko-finantzarioa arautzen duen legedia "zentzuz" bete zuen, Herri-Kontuen Euskal Auzitegiak Osakidetzari eta Osateki buruz egindako ikuskatze txostenaren arabera.
Biek ala biek jarduera ekonomiko-finantzarioa arautzen duen legedia errespetatu dute, salbuespenak salbuespen. Hala ere, Osakidetzak hainbat irregulartasun egin zituen kontratazio prozesuetan, kontratuak luzatzerakoan eta berriak egiterakoan.
Herri-Kontuen Euskal Auzitegiak salatu duenez, zenbait kasutan, Osakidetzak legeak ezarritako kontratuen gehienezko epea gainditu zuen.
Zenbait zerbitzuren esleipena ere salatu dute, baldintza-agirietan ezarritako irizpideak erabili ez zirelako edota kontratua esleitzeko aurreikusitako neurritasun ezberdina erabili zelako.
Zenbait kasutan ez ziren akreditatu "prozedurak esklusibotasunez negoziatzea ahalbidetzen duten printzipioak", kontratu txikietan publizitate printzipioak hautsi zituen, eta zenbait kontratu luzapenetan hasierako aurrekontua % 3 handitu zen.
Langileei dagokienez, Osakidetzako lan-baldintzak arautzen dituen akordioetan aurreikusi gabe zeuden lehiakortasun gehigarriak ordaindu zitzaizkien langileei.
Osakidetzako eta Osatekeko urteroko kontuen gaineko aldeko iritzia eman du Herri-Kontuen Euskal Auzitegiak. Hala ere, Osakidetzaren kasuan egoera balantzean erretiro osagarri batzuk ez direla agertzen salatu du. Osakidetzak 173,8 milioi euro ordaindu zituen osagarri horietan.