Gizartea -

Nafarroa

Bularreko minbizia duten emakumeen % 87 sendatu egiten dira Nafarroan

1990etik, % 35 murriztu da minbizi mota horren hilkortasuna, Cristina Ibarrola Nafarroako Osasuneko zuzendari nagusiaren hitzetan. Bilbon, aldiz, 1000 globo arrosa askatu dituzte ikerketaren alde.

%87k gainditzen dute bularreko minbizia Nafarroan, %80k EAEn

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan, tumorea atzeman eta bost urtera, bularreko minbizia jasaten duten emakumeen % 87 sendatu egiten direla azaldu du gaur Cristina Ibarrola Nafarroako Osasuneko zuzendari nagusiak. Gainera, mediku-azterketa goiz egiten duten 50 eta 69 urte arteko 1.000 emakumeko, 7 edo 9 heriotza ekiditen direla azpimarratu du.

Nafarroako Gobernuak gauzatu du bularreko minbiziaren atzemate goiztiarrerako programa. Aztertzen dituen 1.000 emakumeko, 71 minbizi kasu diagnostikatzen ditu programa horrek, azterketak egin gabe baino lau gehiago.

Urtero, 300 bularreko minbizi kasu aurkitzen dira Nafarroan programa horri esker.

Bularreko Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna izanik, prentsaurrekoa eskaini dute Cristina Ibarrolak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari Marisol Arangurenek. Bertan azaldu dutenez, bularreko minbiziaren hilkortasuna % 35 jaitsi da 1990an atzemate goiztiarrerako programa abiatu zenetik.

Programa horretan 45 eta 69 urte arteko emakumeek hartzen dute parte, eta bi mamografia egiten zaizkie bi urteko epean. Ibarrolaren hitzetan, "minbizia ezin da ekidin, baina bai kontrolpean izan, garaiz atzemanez gero".

90eko hamarkadatik, bularreko minbiziaren hilkortasun tasak goranzko bidea utzi du, eta azken bosturtekoetan behera egin du.

Horrela, 1993 eta 1997 urteen artean 100.000 biztanletik 17,9 heriotza izatetik, 2008 eta 2011 urteen artean 9,96 heriotza izatera igaro da.

Nafarroako emakumeen parte hartzeari esker izan du arrakasta programak, Marisol Arangurenen arabera. 45 eta 69 urte arteko pertsonen % 86,8k egin dituzte probak; guztira, 42.725 mamografia 2012an.

Azterketa egiten duten pertsonen % 86,8 horretatik, % 97 inguruk errepikatu egiten dute. Aipatutako adin tarteko emakume nafarren % 88,7k hartu dute parte programan.

Parte hartzea errazteko, Iruñan zentro bat du programak, hiriburuko eta inguruetako biztanleentzat, eta unitate mugikor bat gainontzeko eskualdeetako pertsonentzat.

Arangurenen ustez, Nafarroako Gobernuak abian duen programa erreferentea da Espainian eta Europan.

Bide beretik, azterketa egiteko gutxiengo adina 45 urte izatea Nafarroaren bereizgarria dela aipatu du Ibarrolak, Espainian 50 urtetik aurrerako emakumeak soilik aztertzen baitira.

 

1000 globo ikerketaren alde

Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, oroitzapenezko ekitaldi bat ospatu du gaur Espainiako minbiziaren aurkako elkartearen Bizkaiko batzordeak Bilbon, gaixotasun horren ikerketarako dirua biltzeko.

Ekitaldia Aldundiaren Jauregian ospatu da, eta gaixotasunaren inguruko hitzaldi informatiboak izan dira bertan. Begizta arrosak banatu dira, eta kolore bereko betaurrekoak ere jarri dira salgai, bularreko minbiziaren ikerketaren sinbolo baitira.

Ondoren, 1.000 globo arrosa askatu dituzte Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak zuzenduta. Bertan izan dira, besteak beste, Jose Antonio Nielfa 'La otxoa', Toti Martinez de Lezea idazlea eta Iraia Iturregi emakumezkoen Athletic Club taldeko jokalaria.

Globoak askatu aurretik, agiri bat irakurri dute, gizarteari gaixotasunaren aurkako borroka bultzatzen jarraitzeko eskatuz. Izan ere, bularreko minbizia emakumeen artean gaixotasunik ohikoena eta hilkorrena da. Urtero, 22.000 kasu atzematen dira Espainian; horietatik 1.300 Euskadin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea