Gizartea -
Datu ofizialak
Euskadin urtero 1.335 bularreko minbizi-kasu antzematen dira
Kasuen % 87,4 gainditzen dira, baina, batez beste, 301 pertsona hiltzen dira gaixotasun horren ondorioz.
Erredakzioa
Euskadin 1.335 bularreko minbizi-kasu antzematen dituzte urtean, eta horietako % 87,4 gainditu egiten dira, Jon Darpon Osasun sailburuak aditzera emandako datuen arabera.
Sailburua Donostian izan da, Katxalin gaixoen elkarteak Bularreko Minbiziaren Astearen barruan egingo diren ekimenak aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Ekitaldi nagusia giza kate bat izango da; urriaren 19an egingo dute, Alderdi Ederren.
"Euskadin, bularreko minbizia da tumore gaizto ohikoena, eta emakumezkoen artean heriotza gehien eragiten dituena", azaldu du Darponek. Emandako datuen arabera, urtean 301 pertsona hiltzen dira horren ondorioz.
Programa berezia
Sailburuak esan duenez, bahetze programa da gaur egun bularreko minbiziari aurre egiteko "tresnarik onena", eta diagnostiko goiztiarrak "sendatzeko aukerak asko handitzen ditu", gaineratu du.
Programak 18 urte beteko ditu laster, eta, denbora horretan, % 80ko parte-hartzea izan da: 1,4 milioi mamografia egin dira eta 6.216 kasu detektatu dituzte, gehienak goiztiarrak. Horri esker, 10 pazientetik zortzik bularra moztea saihesteko tratamendua egiteko aukera izan dute.