Gizartea -
Hezkuntza erreforma
Sindikatuen aburuz, 'hezkuntzaren aurkako erasoa' da LOMCE legea
ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek bilkura egin dute legearen onarpena gaitzesteko eta hezkuntza erreformaren aurkako borrokan jarraituko dutela agindu dute.
Erredakzioa
ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuak Gobernuaren Ordezkariordetzak Bilbon duen eraikinaren aurrean bilkura egin dute LOMCE legearen aurka. Sindikatuen aburuz, PPk onartutako erreforma "hezkuntzak azken hamarkadan izan duen eraso bortitzena da".
"Erreforma zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformizatzailea, atzerakoia, banatzailea eta elitista da", diote sindikatuek eta ez du "hezkuntza komunitatearen eta gizartearen babesa". Hori dela eta "Euskal Herrian ez ezartzea" eskatu dute. Sindikatuek Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari legea ez aplikatzeko eskatu diote.
Xabier Irastorza ELA sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, "euskal hezkuntza sistemaren aurkako azken golpea da" eta "LOMCE Euskadiko eskoletan ez aplikatzeko" eskatu die alderdi politiko eta erakundeei.
STEE-EILAS sindikatuko Arantxa Fernandez de Garayaldek ere hezkuntza erreforma kritikatu du eta Werten legearen kontrako borrokan jarraituko dutela agindu du. "Gaur ez da ez ezer hasi, ezta amaitu ere. Urtebete daramagu LOMCEren aurka, aurrera jarraituko dugu eta aurrera jarraitu nahi dugu", gaineratu du.
Larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko eskatu die sindikatuek herritarrei. "Erreformari ezezkoa adierazteko eta hezkuntza sistema propioa eskatzeko irtengo gara kalera", amaitu dute.