Gizartea -
Ertzaintzaren operazioa
Kalamu landaketa kolektibo bat atzeman dute Oiartzunen
Segurtasun Sailaren arabera, 2.100 landare atzeman dituzte. Ganjazz Art Club kontsumitzaileen kooperatibaren hitzetan, baina, "110 landare heldu bakarrik zeuden".
Erredakzioa
Kalamu landaketa kolektibo bat atzeman du Ertzaintzak asteazken honetan Oiartzunen (Gipuzkoa). Ganjazz Art Club kontsumitzaileen kooperatibarena da.
Segurtasun Sailak EiTBri jakinarazi dionez, 2.100 marihuana landare atzeman ditu Ertzaintzak Oiartzunen. Datu horien arabera, lau lagun inputatu dituzte osasun publikoaren kontrako delitu bategatik, baina ez dute inor atxilotu.
Iturri horien arabera, Gainjazz elkarteko kideak dira inputatuak. Elkarte horrek kontsumo pribaturako landatzen du marihuana, eta laugarren aldiz kendu dizkiete landareak. Aurrekoetan, kide guztiak absolbitu egin dituzte.
Landare kopurua txikiagoa dela esan du elkarteak
Ganjazz Art Club elkartearen hitzetan, baina, ''negutegietan tamaina ertaineko 110 landare heldu bakarrik zeuden''. Prentsa-ohar baten bidez azaldu duenez, ''beste 800 ale landare txikiak ziren, 25 zentimetro ingurukoak, eta egoera begetatiboan zeuden, oraindik hautatzeke''. Halaber, 600 unitate ''hiru zentimetroko hazi-kimuak ziren''.
Bestalde, oraindik ''formalki'' argiketarik edo izapiderik ikusi ez dutela argitu dute, eta "inputatuta nor dagoen" ez dakitela gaineratu dute datu horiek kaleratu dituztenean.
Administrazioak elkartearen estatutuak onartu ditu
Idatzian azaldu dutenez, 300 kooperatibistak osatzen dute elkartea, eta beren jarduna legala da.
"Taldearen beharrei egokituta egiten dugu gure nekazaritza-peritutza, erabiltzaileek kontsumitzea adostu dutena oinarri hartuta'', azaldu du elkarteak.
Halaber, Ganjazz Art Clubek azaldu du bere garaian jakinarazi ziola Segurtasun Sailari landaketaren kokalekua.