Gizartea -
Bahiketa, Mexikon
'Bizi izan dugun terrorea ez da birtuala izan'
Delorean taldeko abeslariaren aitak azaldu duenez, musikariak "kontrolatuta" izan ziren uneoro, leihora hurbiltzen baziren, urruntzeko esaten zietelako.
eitb.com
Delorean taldeko abeslariaren aitak, Fernando Lopetegik, euskal musikariek Mexikon pairatu duten amesgaiztoa azaldu du, ETBn egindako elkarrizketa batean.
Zarauzko taldea 24 orduz bahituta izan da Mexikon, eta Poliziak erreskatatu behar izan du.
Ekhi Lopetegiren aitak deitoratu egin du agintariek gertatutakoa "bahiketa birtuala" izan dela esan izana, "bigarren mailako bahiketa bat izango balitz bezala". "Guk bizi izan dugun terrorea ez da birtuala izan", ohartarazi du.
Horren esanetan, musikariak "kontrolatuta zeuden uneoro". "Leihora hurbiltzen baziren, leihotik urruntzeko esaten zieten. Norbaitek kanpotik ikusten zituen", azaldu du.
Bahitzaileek senideei egindako telefono deietan, gainera, adierazpenak "oso bortitzak" zirela aipatu du Fernando Lopetegik: "Semea txiki-txiki eginda eta hainbat zapata kutxatan sartuta bidaliko zigutela esaten ziguten, eta telefonoaren beste aldean motozerra baten soinua entzuten genuen".
Taldekideen egoerari dagokionez, "lur jota" daudela esan du Lopetegik. Disko berria aurkezteko bira hasi berria zuten, baina bertan behera utzi behar izan dute.
Auzitegi Nazionalak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko, baina auzia sekretupean jarri du.