Gizartea -

Delorean taldea bahitu dute

Zer da "bahiketa birtuala"?

Gezurretan eta xantaian oinarritutako bahiketa da. Bahitzaileak ez du biktimarekin kontaktu fisiko zuzenik.

Delorean taldeko kideen hotela. EFE.
Delorean taldeko kideen hotela. EFE.
Zer da bahiketa birtuala?

1:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Delorean euskal taldeari Mexikon egin diotena "bahiketa birtuala" edo itxurazkoa deritzo. Bahiketa mota hau oso ohikoa da Hego Amerikan. Horrela funtzionatzen du: gezurrezko bahitzaile batzuek biktimak, telefono deien bidez engainatuta, leku jakin batean atxikitzen dituzte, mehatxu eta xantaiapean. Bitartean, erreskatea eskatzen diete familiakoei. Dena dela, bahitzaileek ez dute biktimarekin kontaktu fisiko zuzenik izaten.

Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak EiTBri egindako adierazpenetan azaldu duenez, Delorean taldekoak "beste hotel batera eramateko ez zuten bortxa edo borrokarik erabili. Egoera kontrolpean eduki zuten bahitzaileek, hotel horretan egon gabe eta uneoro zelatan ibili gabe. Euskal musikariek handik lasai joateko aukera zuten, baina, noski, beste herrialde bat da, ezagutzen ez duten inguru bat... Benetan bahituta zeudela uste zuten".

Irailaren amaieran ere, tankerako beste bahiketa bat izan zen. Kataluniako enpresaburu bat atxiki zuten Mexikoko Queretaro hirian. Orduko hartan, Los Zetas karteleko kide zirela esan zioten bi lagunek mehatxu egin zioten, eta hotel batean izan zuten familiakoek erreskatea (milioi bat peso, 60.000 euro) ordaindu bitartean.

Mexikoko Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egindako operazioan askatu zuten enpresaburua.

Espainiako Geografia eta Estatistika Institutuak irailean emandako datuen arabera, 2012an 105.682 bahiketa izan ziren Mexikon, tartean "bahiketa arinak" direlakoak (bahitzaileek kutxazain batera eramaten dute biktima, dirua atera dezan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea