Gizartea -
16 hil zituen
Errezilen istripua izan zuen autoan zihoan umea hil da
Istripua igandean izan zen, Eumetako bidegurutzearen eta Erdoizta auzoaren artean, eta 78 urteko emakume bat bertan hil zen. Umea gaur hil da, Gurutzetako Ospitalean.
Erredakzioa
Igandean Errezilen istripua izan zuen ibilgailuan zihoan 16 hileko neskatxoa hil da gaur goizean, Gurutzetako Ospitaletik iragarri dutenez. Umetxoa zeraman noranahiko ibilgailuaren eta beste ibilgailu baten arteko istripuaren ondorioz, 78 urteko emakumezko bat ere hil zen.
Talka ordu bata jotzeko minutu batzuk falta zirela izan zen, GI-3661 errepidean, Eumetako bidegurutzearen eta Erdoizta auzoaren artean, Errezilen. Furgoneta bat amildegi batean behera joan zen, 30 metroan, eta 78 urteko emakume bat hil zen.
Istripu berean, noranahiko ibilgailu batek ere hartu zuen kolpea, eta barruan zihoazen bost pertsonak zauritu egin ziren, tartean gaur hil den 16 hileko umea. Gurutzetako Ospitaletik jakinarazi dutenez, orduan hartutako zauri larrien ondorioz hil da neskatoa.
Autoan zihoazen beste lau lagunak ere zauritu ziren. Bi (77 eta 20 urte) Donostiako Ospitalera eraman zituzten, eta beste biak (30 eta 26 urte), Gurutzetakora.