Gizartea -
Agerraldia Kongresuan
Istripuko zatiak abiadura handikoa izan behar zuen, baina aldatu zuten
Trenak azterketa teknikoa goiz horretan bertan gainditu zuela azaldu du Gomez-Pomarrek. Trenaren hainbat ezaugarri aztertu zituzten, tartean balaztak.
Erredakzioa
Gonzalo Ferre Adifeko presidenteak azaldu duenez, Ourense-Santiago trenbideko zatia hasiera batean abiadura handikoa bezala planifikatuta zegoen, baina, geroago, ohiko lineara moldatu zuten.
Istripuaren ostean, Adifek muga kartelak eta inguruan horri buruzko balizak jarri ditu bertan. Horrek "trenbideak libratzea eta trenbideko zerbitzua berriro ezartzea" ahalbidetu du.
Ferrek nabarmendu duenez, Adifek "istripuko azken arrazoiak argitzen lagundu" nahi du, "horrelako gertaera bat berriro gertatu ez dadin jaso beharreko irakurketatetatik ikasteko" helburuarekin.
"Trenak ez zuen anomaliarik"
Santiagon istripua izan zuen trenak “anomaliarik” ez zeukala adierazi du gaur Julio Gomez-Pomar Renfeko presidenteak. Horrez gain, ezbeharra gertatu zen unean makinistarekin komunikaziorik ez zutela azpimarratu du.
Gomez-Pomar Madrilgo Kongresuko Sustapen Batzordean izan da gaur, istripuaren nondik norakoak azaltzeko. Istripua izan zuen unean makinistak 8 ordu eta 46 minutu zeramatzan lanean; horietako 2 ordu eta 42 minutu gidatzen eman zituen. Bi datuok Renferen araudiarekin bat datozela nabarmendu du enpresako presidenteak.
Trenak azterketa teknikoa goiz horretan bertan gainditu zuela azaldu du Gomez-Pomarrek. Trenaren hainbat ezaugarri aztertu zituzten, tartean balaztak.
Tren-gidariak langileei egiten dizkieten azterketa guztiak “emaitza onekin” gainditu zituela azpimarratu du Renfeko presidenteak. Azkenengo azterketak uztailaren 1etan eta 21ean egin zizkioten. Tren mota hura gidatzeko formakuntza egokia jaso zuela gaineratu du Gomez-Pomarrek.
Ezbeharra ikertzeko eta aztertzeko Kongresuan batzorde bat martxan jartzea eskatu dute gaur PSOEk, BNGk eta IUk, horrelako istripurik berriz ez gertatzeko.