Gizartea -
Tragedia Donostian
Segurtasun neurriak betetzen zirela esan du Izagirrek
Donostiako alkateak azaldu duenez, ikerketa egiten ari dira, gertatutakoa argitzeko, eta, bitartean, Pasealeku Berria itxita egongo da.
Erredakzioa
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak adierazi du atzo Pasealeku Berrian gazte bat hil zen tokian segurtasun neurriak betetzen zituztela.
Donostian gazte bat hil eta gero, zer gertatu zen argitzeko ikerketa bat abian jarri dutela eta ikerketa hori amaitu bitartean Pasealeku Berria itxi egingo dutela baieztatu du Udalak; Gipuzkoako Argazkilaritza Elkartearen egoitzatik errotondarako tartean izan zen ezbeharra, hain zuzen. Ikerketak arrisku gehiago dagoela adieraziko balu, Pasealeku Berria osorik itxiko luke Udalak, eta, hortaz, Aste Nagusian gune horretan egiten diren ekitaldiak beste leku batera eramatea aztertu beharko litzateke.
Udalak atsekabea agertu eta doluminak helarazi dizkio hildako gaztearen familiari. Atzo gertatutakoa "drama" bat dela adierazi du alkateak, eta, Donostia hiri txikia izanik, donostiar guztiak "minduta eta triste" daudela.
Ezbeharra
20 urteko gizon donostiar bat hil zen asteazken arratsaldean, Donostiako Pasealeku Berrian, harkaitz batek azpian harrapatuta.
Arroka Urgull menditik erori zen. Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko egoitzaren parean izan zen ezbeharra.
Ezbeharra gertatu zen tokian, mendi hegala hesiz inguratuta dago, eta garabi bat dago bertan; izan ere, euriaren ondorioz iragan neguan eta udaberrian luiziak izan ondoren, lanak egiten ari dira.