Gizartea -
Donostiko Jaiak 2013
Abian da Donostiako Aste Nagusian eraso sexistak ekiditeko kanpaina
Naiara Sampedro zinegotziaren hitzetan, "biolentzia matxista emakume eta gizonen arteko berdintasun faltaren ondorio larrienetako bat da".
Erredakzioa
Donostiako Udaleko Parekidetasun batzordeak martxan jarri du, bosgarren urtez, jaietan eraso sexistak ekiditeko kanpaina "Ezetza ezetza da" lelopean. Donostiako Aste Nagusian ezezik, kanpainak udaran zehar ospatuko diren auzo eta herrietako jaietan presente egoten jarraituko du, materiala doan jarriko baita tokian tokiko jai batzordeen eskura.
Gipuzkoako hiriburuan egindako prentsaurrekoan, Donostiako Parekidetasun zinegotzi den Naiara Sampedrok eraso hauek "jaien testuinguruan areagotu egiten direla" adierazi zuen. Bere hitzetan, "biolentzia matxista emakume eta gizonen arteko berdintasun faltaren ondorio larrienetako bat da".
Kanpainaren eremuan eraso sexistei aurre egiteko gune bat jarriko da Bilgune Feminista eta Emagin Erakundearen elkarlanari esker. Honek bi informazio gune izango ditu Aste Nagusian zehar: bata abuztuaren 12an, astelehena, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara portuan; eta bestea, abuztuaren 14an, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara Boulevarden.
200.000 ahozapi
Horretaz gain, Gipuzkoako Ostalarien Federazioaren laguntzarekin, taberna zein txosnetan "Ezetza ezetza da" leloarekin 200.000 ahozapi baino gehiago eta "Toki honetan ez da onartzen eraso sexistarik" esaldiarekin ehunka pegatina banatuko dira.
Bestetik, hiriak zein Udalak eraso sexisten aurka duen konpromisoa erakusteko, Donostia guztian banderolak jarriko direla azaldu du Sampedrok.
Halaber, Aste Nagusiak iraun bitartean, Dbus autobusetan ere iragarkiak jarriko dituzte hiritarrak sentzibilizatu eta erasotua izan ezkero zein telefonotara deitu behar den jakiteko. Nola ez, Udaletxean ere pankarta bat jarriko da biolentzia matxista, forma guztietan, errefusatzen.