Gizartea -
Ezbeharra Nafarroan
Hildako bat eta sei zauritu Ostizen izandako auto-istripu batean
Bi autok aurrez talka egin dute eta, geroago, beste batek haien kontra jo du. Hildakoa 40 urteko gizonezko bat da.
Erredakzioa
Pertsona bat hil eta beste sei lagun zauritu dira, horietako bi larri, igande goizaldean Ostiz (Nafarroa) herriaren inguruan izandako auto-istripuan. Bi autok aurrez aurre talka egin dute, eta ondoren hirugarren auto batek haien kontra jo du.
Antza denez, istripua 05:23an gertatu da Iruña eta Behobia lotzen dituen N-121-A errepidean. Hiru autok elkar jo dute, eta horietako bat errepidetik atera eta barruan zihoan 40 urteko gidaria hil egin da, Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez.
Halaber, beste bi lagun larri daude, auto barruan harrapatuta gelditu dira eta suhiltzaileen laguntza behar izan dute ateratzeko.
Bost anbulantzia bertaratu dira istripuaren tokira, eta medikuek 40 urteko gizonezkoaren heriotza egiaztatu dute. Gainerako zaurituak Iruñeko ospitalera eraman dituzte.
N-121-A errepidea itxita egon da zaurituak artatu, autoak kendu eta bidea garbitu arte. Bien bitartean, Ostizeko zeharbidetik bideratu dute zirkulazioa, baina goizeko lehen orduan N-121-A errepidea ireki dute.
Poliziak ikerketa abiatu du istripua zerk eragin duen argitzeko.