Gizartea -
Cabacas auzia
Miguel Buenek eta 40 agentek deklaratzea eskatu du Cabacasen familiak
Edozein modutan parte hartu zutenek "inputatuak izan" daitezela eskatu dute hildakoaren senideek.
Erredakzioa
Jone Goirizelaia Iñigo Cabacasen familiaren abokatuak Miguel Buen Segurtasun sailburuorde ohiak, Jose Antonio Varela Ertzaintzaren zuzendari oihak eta Ertzaintzako 40 agentek Auzitegian deklaratu dezaten eskatu du.
Gara egunkariak plazaratu duenez, Goirizelaiak atzo, asteartea, aurkeztu zuen eskaria Bilboko Instrukzioko 10. zenbakiko Auzitegian. Aurkeztutako idazkian edozein modutan 2012ko apirilaren 5ean gertatutakoan (gomazko pilotakada baten eraginez hil zen athleticzalea) parte hartu zutenak "inputatuak izan" daitezela eskatzen dute.
Idazkiaren arabera, Miguel Buen Segurtasun sailburuorde ohiak eta Jose Antonio Varela Ertzaintzaren zuzendari oihak deklaratzea eskatzen dute.
Halaber, Cabacasen familiak "Maria Diaz de Haroko kalezuloan zabaldutako operazioan izan ziren furgoneten arduradunek eta pilotak jaurtitzeko eskopetak zeramatzatenek" inputatu gisa deklara dezaten eskatu du. Gauza bera eskatu dute operazioaren buruarentzat eta errefortzu zerbitzuaren arduradunentzat.
Goirizelaiak aurkeztutako eskarian, agente horien guztien identifikazio zenbakiak agertzen dira. Alabaina, Bilboko polizia-etxeko Hiritarren Segurtasuneko buruordea eta "grabaketetan Ugarteko izenarekin agertzen den" agentea ez dira agertzen. Hori dela eta, Cabacasen familiaren ustez, "identifikatu eta deklaratzera deitu beharko lituzkete".