Gizartea -
Santiagoko tren istripua
Trenbidearen beste tarte batean zegoela uste zuen makinariak
Istripua izan zuen trenaren gidariak aitortu egin du ezbeharra bere akats baten ondorioz jazo zela.
Erredakzioa
Santiagon istripua izan zuen trenaren gidariak aitortu egin du, epailearen aurrean, egun horretan oharkabetu egin zela, eta trenbidearen beste tarte batean zegoela pentsatu zuela. Arduragabekeriazko 79 homizidio egotzi dizkiote.
EFE agentziak jakinarazi duenez, makinariak aitortu du 190 km/h-ko abiaduran zihoala, istripua izan zen bihurgunearen gehiegizko abiadura 80 km/h-koa izan behar bazen ere. Trena geldiarazten saiatu zen, "baina berandu zen dagoeneko".
Makinaria bi orduz deklaratzen izan da igande honetan instrukzio-epailearen aurrean, eta ondoren aske geratu da, baina hainbat kargu egotzita. Deklarazio horretan, ukatu egin du istripua akats tekniko baten ondorioz gertatu zela.
Gizonezkoak astean behin joan beharko du epaitegira sinatzera, eta debekatuta du sei hilabetez Estatutik ateratzea. Halaber, trenak gidatzeko baimena kendu diote, urte erdiz.
Telefonoa ikertzen ari dira
Poliziak makinariaren sakelako telefonoa aztertu du, istripua jazo zen unean erabiltzen ari ote zen egiaztatzeko.
Fiskalak eta aldeek (Renfe, Adif eta bi aseguru-etxe) ez dute makinaria behin-behinean kartzelatzea eskatu, ihes egiteko eta frogak suntsitzeko arriskurik ez dagoelako.
Trenaren kutxa beltzak
Trenaren kutxa beltzen informazioa astearte honetan aterako dute teknikariek, aditu baten laguntzarekin. Bestalde, istripuaren trenbidea berriro zabaldu dute gaur.
Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, kutxa beltzak zabaltzeko prozeduran Renfeko Segurtasun zuzendariak eta batzorde judizial batek parte hartuko dute.
USB dispositibo bat kutxa beltzetan sartuko dute informazioa ateratzeko. Ondoren Polizia Judizialak informazioa aztertuko du eta Luis Alaez epaileari txosten bat igorriko dio.