Gizartea -

Ezbeharra Santiagon

Tren-gidariaren deklarazioa amaitu da epailearen aurrean

Ezbeharraren 79 biktimak identifikatu dituzte dagoeneko, baina Galiziako ospitaletan 70 zaurituk jarraitzen dute, horietatik 22k oso larri.

Trenaren gidaria epailearen aurrean da jada

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Jose Garzon Santiagon istripua izan zuen trenaren gidariak deklarazioa amaitu du Luis Alaez epailearen aurrean, abokatuetako batek prentsari jakitera eman dionez.

Madril eta Ferrol arteko bidea egiten ari zen Konboiko gidariari zuhurtziagabekeriazko hilketa egotzi zaio. Igande honetan, 18:19an, eraman du Polizia Nazionaleko patruila batek. Konpostelako auzitegietara.

19:30ean, Garzon magistratuaren salara eraman dute, eta une horretan ezbeharrari buruzko atestatuaren kopia eman zaio parte bakoitzari.

70 zaurituk ospitalean jarraitzen dute

Ezbeharraren 79 biktimak identifikatu dituzte dagoeneko, baina Galiziako ospitaletan 70 zaurituk jarraitzen dute, horietatik 22k oso larri, Galiziako Xuntak zabaldutako azken informazioaren arabera.

Gonzalo Ferre Adif-en presidentearen esanetan, tren-gidariak istripua gertatu zen lekutik lau kilometrora zegoenean hasi behar izan zuen trenaren abiadura moteltzen. Ana Pastor Sustapen ministroak esan zuen trenetako langileek segurtasun neurriak bete behar dituztela.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esan zuenez, "zentzuzko zantzuak" daude pentsatzeko "tren-gidariak erantzukizuna duela gertatutakoaren aurrean".

Renfe parte izango da auziko akusazioan

Renfek jakinarazi duenez, parte izango da Santiagoko tren istripuaren auziko akusazioan. Horri esker, gaur makinistak epailearen aurrean egingo duen deklarazioan izateko eta istrukzio fasearen berri izateko aukera izango du tren konpainiak.

Ospitaletik Polizia-etxera

Francisco Jose Garzon Santiagon asteazkenean trenbidetik irten zen trenaren gidariari alta eman diote eta Polizia-etxera inputatuta eraman zuten atzo, larunbata, zuhurtziagabekeriaz egindako gizahilketa leporatuta.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, Galiziako Polizia-etxean, prentsaurreko batean azaldu zuenez, atxilotua bertara eraman zuten.

Bestalde, Ana Pastor Sustapen ministroaren hitzetan, Espainiako trenbide-sistemak "Espainiako eta Europako ordenamenduan jasotako segurtasun baldintza guztiak betetzen ditu" eta "langileek baldintza horiek bete behar dituzte". Ikerketak arau horiek bete ziren argitu behar duela gaineratu zuen.

Andoainek agur esan du

Santiagon asteazkenean izan zen tren-istripuan hil zen Karmele Sanz Manriqueri agur esan zioten Andoainen (Gipuzkoa) familiarrek eta lagunek, erakundeetako ordezkariez gain.

Hileta-elizkizuna atzo, larunbata, arratsaldean izan zen, Andoaingo Santa Cruz parrokian. Eusko Jaurlaritzatik Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza-Politika eta Kultura sailburua eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde-Politika sailburua joan ziren.

Andoaingo ehunka bizilagun ere joan ziran,  Carmen Manrique biktimaren amari eta haren Gurutze eta Angel haren anaia-arrebari babesa emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea