Gizartea -

Ezbeharra Santiagon

Bi euskal herritar, Santiagoko istripuaren 78 biktimen artean

Karmele Sanz Manrique (Andoain) eta Maria de los Angeles Morenos (Gasteiz) dira hildakoak.

Medikuek azken 7 gorpuak identifikatzeko lanetan jarraitzen dute. Irudia: EFE
Medikuek azken 7 gorpuak identifikatzeko lanetan jarraitzen dute. Irudia: EFE
Andoaingo eta Gasteizko bi emakume tren istripuaren biktimak izan dira

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoaingo eta Gasteizko bi emakume daude Galiziako tren istripuan hildako 78 pertsonen artean, Espainiako Poliziaren bozeramaileek prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Hain zuzen ere, biktima horietako bat Karleme Sanz Manrique (53 urte) da. Andoaingoa (Gipuzkoa) zen, baina Santiagora joan zen duela 25 urte, lan kontuak direla eta. Ekonomialaria zen, ez zegoen ezkonduta eta ez zuen seme-alabarik.

Antza denez, hilabetean behin Madrilera joaten zen, eta bueltan zegoenean jazo zen istripua.

Andoaingo Udalak doluminak adierazi ditu, eta biktimaren senideen intimitatea "errespetatzea" eskatu du.

Karmele Sanz Manriqueren gorpuzkiak arratsaldean heldu dira Donostiara eta Donostialdeako beilatokira eraman dituzte.

Gorpua Santiagotik heldu da 16:00etan, eta Donostiako beilatokian dago. Biktimaren senitartekoak eta lagunak bertaratu dira.

Karmele Sanzen hileta larunbat honetan egingo dute Andoaingo Santa Cruz parrokian, ehorztetxeko iturriek jakitera eman dutenez.

Euskal Herriko beste biktima Maria de los Angeles Moreno (46 urte) da. Gasteizkoa zen, baina Salamancan bizi zen.

Javier Maroto Gasteizko alkateak "besarkada" bat bidali die senideei, Twitterren idatzitako 'txio' batean.

Tren istripuko biktimen hileta uztailaren 29an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Santiagoko katedralean. Gaur eguerdian, Poliziak 80tik 78ra jaitsi du hildakoen kopurua.

Dagoeneko 73 gorpu identifikatu dituzte eta beste bostei azterketa gehiago egin behar dizkiete. Bestalde, adineko 28 pertsona eta hiru ume oso larri ospitalean daude.

Makinaria, atxilotuta

Bestalde, trenaren makinaria atxilotu egin zuten atzo, 20:00etan, "zuhurtziagabekeria" egotzita, Jaime Iglesias Galiziako poliziaburuak azaldu duenez.

Horren esanetan, makinariak ez du deklaratu oraindik, baina "lehenbailehen" egingo du, bere osasun egoerak galarazten ez badu. 72 orduko epean utziko dute epailearen esku.

Poliziak zehaztu duenez, trenaren kutxa beltza ez dute aztertu oraindik, eta zaintzapean dute oraingoz.

Makinariak lau kilometro lehenago trena galgatzen hasi behar izan zuela ziurtatu du Gonzalo Ferre Adifeko presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea