Gizartea -

Hondakinen kudeaketa

Gipuzkoak adostasunak bilatuko ditu 'errauskailuaren ondorengo aroan'

Bere hitzetan, Gipuzkoak “egoera berri bat” bizi du, "errauskailuaren ondorengo eszenatokian", hain zuzen ere, eta eragile guztiek egoera horretan aritu beharko dute.

Iñaki Errazkin. EiTB.
Iñaki Errazkin. EiTB.
Iñaki Errazkin. EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatuak hondakinen kudeaketan adostasunak bilatzeko deia egin die erakunde eta alderdi politikoei, eta gaiaren inguruan hitzarmenak bilatzeko dinamika berezia abiaraziko duela iragarri du.

Errazkinek adierazi du "eztabaida sakona" dagoela gai honetan, baina gutxitan aipatzen dela "gai gehienetan bat gatozela". "Beraz, %80an ados egon bagaitezke, zergatik ez dugu horretan adostasuna bilatuko? Aurreratu dezagun horretan, eta gainerakoan, %20an, bakoitzak berea defendatzen jarraituko du, baina gutxienez, gauzak ondo egiteko urrats sendoak eman ditzagun", esan du.

Bere hitzetan, Gipuzkoak “egoera berri bat” bizi du, "errauskailuaren ondorengo eszenatokian", hain zuzen ere, eta eragile guztiek egoera horretan aritu beharko dute. Horrela, eszenatoki berrian "adostasuna funtsezkoa" dela nabarmendu du Errazkinek.

Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatuaren arabera, bi ildotan bilatu behar da adostasuna: hondakinen bilketan, batetik, eta azpiegituretan, bestetik. "Hondakinen bilketa dela-eta eztabaida izan dugu Gipuzkoan. Sentsibilitate ezberdinak daude, egia da, baina era berean, denok diogu ahalik eta gehien birziklatu behar dela eta indar politika guztiek onartzen dute 2016rako hondakinen %60 birziklatzeko helburua. Hitz egin dezagun nola egin dezakegun bide hori; helburuetan bat bagatoz, adostu dezagun helburua lortzeko modua", adierazi du Errazkinek.

Adostasuna bilatzeko bigarren ildoa azpiegiturak lirateke. Errazkinek gogorarazi duenez, "eztabaida erraustegiaren inguruan izan dugu azken urteetan, baina horrek hondakinak kudeatzeko gainerako azpiegiturei buruzko adostasuna ezkutatu du: alderdi politiko guztiek onartzen dute, adibidez, konpostatze plantak, tratamendu mekaniko-biologikorako plantak eta biometanizazio plantak behar ditugula Gipuzkoan".

Hortaz, "egokiena eta eraginkorrena" azpiegitura horiek nola egin denon artean erabakitzea dela gaineratu du foru diputatuak, "ahalik eta ondoen eta ahalik eta azkarren egiteko".

Gipuzkoako Foru Aldundiak, beraz, hondakinen kudeaketan  adostasunak bilatzeko dinamikari helduko dio datozen hilabeteetan.  Dinamika horretan, Gipuzkoako mankomunitate guztietako eta Batzar  Nagusietako talde guztietako ordezkariekin bilduko da. Harremanak irailean hasiko direla zehaztu du Errazkinek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea