Gizartea -
Entzierroaren kronika
Entzierro azkarra eta arriskutsua, Valdefresnoko zezenen estreinaldian
Cebada Gago ganadutegia ordezkatu dute. Zezenen abiadurak ustekabean harrapatu ditu korrikalari asko. Joaldun batek poste bat jo du zezen plazan eta hil egin da.
Erredakzioa
Hirugarren entzierroa azkarra eta oso arriskutsua izan da. Valdefresnoko (Salamanca) zezenen estreinaldia izan da, Cebada Gago ganadutegia ordezkatu dutelako.
Hasieratik ziztu bizian atera dira eta arriskua sortu dute; izan ere, ibilbidearen lehen zatian zezen batek aurrera egin du bakarrik.
Zezenen abiadurak ustekabean harrapatu ditu korrikalari asko. Entzierroaren iraupena bi minutu eta 28 segundokoa izan da.
Txupina jaurti eta ukuiluetako ateak ireki direnean ezinegona piztu da, zezenak barruan geratu direlako.
Joaldun batek aurre hartu die gainerako zezenei eta alde batetik bestera joan da, baina, zorionez, ez du korrikalaririk harrapatu.
Mercaderes kalean beste zezen batek eragin du izua: kalearen ezkerraldean zegoen lasterkari talde baten aurka egin du eta horietako zenbait lurrera erori dira.
Estafetako bihurgunea arazorik gabe hartu dute zezenek. Orduan ere joaldun bat aurretik joan da eta gainerako zezenak apur bat atzerago. Ibilbidearen zati hori abiadura bizian egin dute.
Telefonicako zatian eta zezen plazako sarreran korrikalari asko eta asko erori dira, baina zezenek aurrera jarraitu dute, lasterkarien aurka egin beharrean.
Joaldun bat hil da
Bestalde, zezen plazan, ukuiluetarako sarreran, joaldun batek egurrezko poste batekin talka egin du eta lurrera erori da. Altxatzea lortu du, bueltan eman eta zezen plazako sarrerarako bidea hartu du, baina bat-batean hil egin da aurretik jasotako kolpearen ondorioz.