Gizartea -
Sendagaien koordainketa
Koordainketa indarrean da, herritarren kexa eta zalantza artean
Koordainketa sistemak kexak eta zalantzak sortu ditu herritarren artean. Farmazialariek ere buruhauste batzuk izan dituzte, arazo informatikoak direla medio.
Erredakzioa
Sendagaien koordainketa sistema indarrean da Euskal Autonomia Erkidegoan. Lehendabiziko egunean herritarrek hainbat zalantza eta kexa izan dituzte, farmazialari askok eta askok egiaztatu dutenez.
Jaurlaritzaren Osasun Sailak, berriz, koordainketaren lehen eguna "normaltasunez eta arazorik gabe" igaro dela azpimarratu du. Alabaina, Jaurlaritzak onartu du gaur goizean 200 dei inguru jaso dituztela herritarren arretarako zerbitzuan, koordainketa sistemaz galdetzeko. Azken egunotan dei horiek 600 izan direla erantsi dute.
Koordainketa sistema ezartzea falta zuen azken erkidegoa izan da EAE. Jaurlaritzak 423.000 euro erabili ditu koordainketa aplikatzeko ezinbestekoa den sistema informatikoa farmazia guztietan ezartzeko.
Herritarren kexak eta arazo informatikoak
Lehendabiziko egunean normaltasuna nagusi izan bada ere, herritarren kexak eta zalantzak nabarmenak dira.
"Herritarrak haserre daude, gehiago ordaindu behar dutelako", adierazi du Beronika Lopez farmazialari gasteiztarrak.
Botikarientzat ere ez da egun erraza izan, koordainketa aplikatzeko erabili behar duten programa informatikoak buruhausteak eragin baitizkie, ohitura faltagatik. Gainera, farmazia batzuetan sistema informatikoak huts egin du eta arazoak izan dituzte.
Herritarrek orain, errezetaz gain, osasun txartela eraman behar dute farmaziara sendagaiak erosi ahal izateko.