Gizartea -

Aurkezpena

Eusko Jaurlaritzak .eus domeinua erabiliko du 2014tik aurrera

PuntuEus Fundazioak domeinua onartu izana ospatu du Bilbon euskal erakundeekin eta gizarteko ordezkariekin.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Hainbat alorreko 200 eragilek 'puntu eus' domeinua ospatu dute

0:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza .eus domeinua erabiltzen hasiko da 2014tik aurrera, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez. PuntuEus Fundazioak domeinuaren erabilpenaren onarpena ospatzeko Bilbon antolatu duen ekitaldian jakinarazi du erabakia Urkulluk.

ICANN erakundeak .eus domeinua onartu eta astebetera, PuntuEus Fundazioak ekitaldi ireki bat antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaia Aretoan, Bilbon. Ekitaldiaren helburua .eus domeinuaren onarpena eta horren ospakizuna, "PuntuEus Fundazioko kideetatik harago, instituzio publiko, elkarte, enpresa eta proiektua lagundu eta babestu duten herritarrengana irekitzea izan da". Horrela, 200 bat lagun bildu dira ekitaldira.

".eus denon artean lortu dugu eta, beraz, denok batera ospatu behar dugu", azpimarratu dute Fundazioko ordezkariek. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Laura Mintegi EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramailea edota Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohia.

Bere mintzaldian, Urkulluk adierazi du .eus domeinua onartu izana "egi bihurtu den amets bat" dela. Izan ere, bost urtean zehar 60 erakundek egin dute lan proiektuan, eta azken hiru Jaurlaritzen babesa izan du. "Ondo egindako lanak eraman gaitu helmugara, orain irteera bihurtu dena", esan du Jaurlaritzako lehendakariak.

Ildo horretan, proiektuan "hiru herri helburuk" bat egin dutela azpimarratu du, alegia, "Internet eta teknologia berriak gizarteratzea, Euskadiren nazioartekotzea bultzatzea eta euskararen aurrerapena eta modernizazioa".

Bere mintzaldia bukatzeko, euskal gizartea proiektuarekin bat egitera animatu du Urkulluk, eta Eusko Jaurlaritzak "ahalik eta arinen" erabiliko duela iragarri du, hau da, 2014. urtean.

"Egin kontu"

Ekitaldia bideo batekin hasi da, 2009ko urtarrilean proiektua aurkeztearekin batera erabili zen bideoa proiektatuz, alegia. Ondoren, Ruper Ordorikak "Egin kontu" kanta abestu du, "eremu urriko hizkuntza eta kulturen egungo egoera ondo baino hobeto definitzen duen abestia".

Horren ondotik, beste bideo bat proiektatu da, non diasporaren ordezkari gisa AEBetan bizi den lagun batek hitz batzuk eskaini dituen eta .cat proiektuaren bultzatzaile nagusiak diren Vicent Partal eta Amadeu Abril i Abril-ek ere izan duten euren lekua.

Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Iratxe Esnaola .eus proiektuko koordinatzaileak eta PuntuEus Fundazioko kideak domeinuak euskararen garapenean duen garrantzia eta euskararen eta euskal kulturaren sustapenean .eus-ek egingo duen ekarpena izan dituzte hizpide.

Bukatzeko, "etorkizunera jauzi bat" egin duen bideo bat proiektatu da, non .eus "errealitate bilakatzen den, txoko guztietan agertuz eta webguneetako helbideak aldatuz". Azkenik, PuntuEus Fundazioko kideak igo dira oholtzara eta bere lehendakari Joan Mari Torrealdaik ekitaldia itxi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea