Gizartea -

Epaiketa

Ruth Ortiz:'Breton ez zen maitekorra, ez umeekin eta ezta nirekin ere'

Kordoban desagertutako bi haurren amak adierazi du Ruth eta Jose desagertu orduko jabetu zela ez zituela gehiago ikusiko. Halaber, ez omen du inoiz uste izan parkean galdu zirenik.

Ruth Ortizek Jose Bretonen kontrako epaiketan deklaratu du gaur. Argazkia: eitb.com
Ruth Ortizek Jose Bretonen kontrako epaiketan deklaratu du gaur. Argazkia: eitb.com
Ruth Ortizek esan du Breton ez zela maitekorra berarekin ezta umeekin

1:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean hasi zen Jose Bretonen aurkako epaiketa Kordoban, 6 eta 2 urteko seme-alabak hiltzea egotzita. Gaur, Ruth Ortiz, haurren ama, lekuko gisa deklaratzen aritu da epailearen aurrean. Horren esanetan, Breton "ez zen maitakorra" ez umeekin ez berarekin. "Hiltzaile potentzial batekin bizitzen egon naiz", Ruth Ortizen arabera. Gaineratu duenez, norbait hil gabe ez zuela mundu honetatik alde egingo aitortu zion.

Bi ordu inguruz deklaratu du epailearen aurrean, Jose Breton zegoen tokitik metro gutxira. Akusatuak eskuak bilurtuta zituela, manpara baten atzetik deklaratu du haren emazte ohiak. Deklarazioaren bi unetan, hitz jarioa eten egin behar izan du malkoak lehortzeko.

Ortizen esanetan, elkarrekin bizi zirenean haren hainbat jarrera bideratu behar izan zituen, eta Breton ez haserretzeko ez zuela harekin eztabaidatzen gaineratu du.

Jose Breton pertsona gorrototsua da eta "mina egiten zionari bizitza izorratzen ahaleginduko zela esaten zuen". Gainera, dena "oso gaizki" amaituko zela esaten omen zion.

"Hil aurretik norbait hilko zuela zioen", esan du. Halaber, ez omen du inoiz uste izan parkean galdu zirenik, eta haurrak egurrezko kaxa batean daudela iritzi dio.

Bretonek haren seme-alabekin izandako bi gertaera ere kontatu ditu. Behin, neskatoa aitaren magalean eseri zen, eta aitak mespretxuz kendu zuen bertatik, eta, beste behin, zaplaztekoa eman zion semeari, ez zuelako jan nahi. Haurrak izateko asmoa agertu zionean, bere ardura izango zela eta berak ez zuela ezer jakin nahi esan omen zion.

Zoriontsu ez zelako hartu omen zuen dibortzioa eskatzeko erabakia; izan ere, "hura ez zen bizimodua".

Jose Bretonek atzo deklaratu zuen epailearen aurrean, eta seme-alabak Las Quemadillas etxaldean egindako sutan erre izana ukatu zuen Bretonek, eta sutara animalien hondakinik ez zuela bota gaineratu zuen.

Ruth Ortizek eskerrak eman ditu

Epaitegira sartu aurretik kazetarien aurrean hitz egin du, eta eskerrak eman dizkie kasua ahaztuta ez gelditzeko lan egin duten guztiei.

Bestalde, errespetua eskatu du "deskribatzeko zaila den egoera honetan".

Las Quemadillaseko gorpuzkinak gizakienak direla berretsi du Paco Etxebarriak

Paco Etxeberria forentseak berretsi du "ez duela zalantza izpirik", eta Bretonen gurasoen etxaldean azaldu ziren gorpuzkinak gizakienak zirela, zehazki, adin txikiko bi gorpurenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea