Gizartea -
Iruñea
Valtierrako akusatuak dio bere burua defendatzeko egin zuela
Fiskalak 17 urteko kartzela zigorra eskatu du gazte bat tiroz hiltzeagatik akusatuta dagoen mutilarentzat. Akusazioak, berriz, 20 urtekoa. 5 emakumek eta 4 gizonek osatzen dute epaimahaia.
Erredakzioa
Nafarroako Auzitegian Javier Samanes gaztearen kontrako epaiketa hasi da, ustez 2012ko urtarrilaren 8an Dayan Murillo Blasco hil zuelako eskopeta batekin tiro eginda, Valtierran.
Lehen saioan, bere burua defendatzeko egin zuela esan du akusatuak. Samenesek aitortu du alkohol eta droga asko hartu zituela, baina biktimaren jazarpena jasaten zuela salatu du.
Gaur bertan eratu duten herri epaimahai baten aurrean deklaratu du akusatuak. Bost emakumek eta lau gizonek osatzen dute herri epaimahaia.
Hilketa
2012ko urtarrilaren 8an jazo zen hilketa Nafarroako Valtierra herrian. "Urte berean jaiotakoen festa" ospatzen ari ziren egun horretan, bi gazteek (akusatuak eta biktimak) eztabaida izan zuten. Fiskalaren idatziaren arabera, bi taberna desberdinetan izan zuten eztabaida.
Azken borrokaldian, idatzian jasotzen denez, Murillok zaplazteko bat eman zion Samanesi (akusatuari). Orduan, Samanes tabernatik irten, etxera joan, eskopeta bat hartu eta tabernara itzuli zen. Bertan, ustez hiru tiro egin zizkion biktimari bizkar aldean eta hil egin zen.
Samanesek aitortu du arma hartu zuela, baina tabernara heltzean ezkutatu egin zuela deklaratu du gaur. Akusatuan arabera, biktimak bere kontra jo zuen.
Fiskalaren idatziak jasotzen duenez, ustezko hiltzaileak positibo eman zuen alkoholemia frogan.
Eskaerak
Ondoren, eskaeren egin dituzte alderdi ezberdinek. Fiskalak 17 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Samanesentzat, akusazio partikularrak 20 urteko espetxeratzea eskatu du eta defentsak, berriz, absoluzioa.
Ekainaren 24ra bitartean egingo dute epaiketaren ahozko ikustaldia, goizez eta arratsaldez.