Gizartea -

Puntueus Elkartea

.eus domeinua 2014ko apirilean izango da martxan

"Komunitate oso bat elkarlotzeko gaitasuna duen tresna da .eus domeinua", azpimarratu dute Puntueus Elkarteko kideek Bilbon izandako prentsaurrekoan.

Puntueus Elkarteko kideek, Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Puntueus Elkarteko kideek, Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
'.eus' domeinuak euskararekin zerikusia duten gune guztiak bilduko ditu

1:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Puntueus Elkarteak prentsaurrekoa eskaini larunbat honetan Bilbon eta, bertan .eus domeinuari ICANNek emandako onarpena izan du mintzagai.

"Ibilbidea luzea izan da", azaldu dute Puntueus elkarteko kideek, "Euskaltzaindiako egoitzan, hemen bertan egin genuen aurkezpen hartan, erronka bati heldu geniola adierazi genuen: euskara eta euskal kultura Interneten ikusgarri bilakatu nahi genituela". "Gure asmoak agertu genituen eta hurrengo lau urtetan ia isilik mantendu gara, prozesuak hala eskatzen zuelako", azpimarratu dute elkarte horretako bozeramaileek.

"Prozesua luzatu eta atzeratzearen arrazoi nagusia, eska zitezkeen domeinu kopurua eta hauen izaera ziren", azaldu dute.

Urrats ezberdinak

Elkarteko kideek adierazi dutenez, ".eus domeinua lortzeko urrats ezberdinak eman behar izan ditugu: lehen urrats handia, 2008ko apirilaren 2an eman genuen, PuntuEus Elkartea sortzearekin. Hurrengo urratsa, PuntuEus Fundazioa sortzea izan zen, domeinua eskatzen zuen erakundea izango baita, etorkizunean, domeinua administratu, kudeatu eta kontrolatuko duena".

"Hurrengo hilabeteetan PuntuEus Fundazioak ICANNekin kontratua sinatuko du. Eta ondoren, ICANNekin proba teknikoak egin behar ditugu, .eus martxan jarri daitekeela ziurtatzeko. Azkenik, .eus domeinuaren bigarren inflexio puntua etorriko da, urteetan itxarondako egun hori, non webguneak .eus domeinuarekin erregistratu ahal izango ditugun. Hori 2014ko apirila inguruan gertatuko da", iragarri dute.

Eskerrak

Halaber, ".eus domeinua onartzea milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoagatik izan da posible: egunero-egunero euskarazko Internet posible eta errealitate egiten duten horiei guztiei esker; Interneten euskaraz aritzen diren horiei guztiei esker; euskarazko tresnak eta denetariko aplikazioak sortzen eta erabiltzen dituzten horiei guztiei esker; eta noski, .eus domeinua lortzeko proiektua babestu duzuen horiei guztiei esker".

".eus errealitate bat da: jada, euskararen herrian badugulako datozkigun erroka berriei erantzuteko tresna bat gehiago. Eta ez edonolakoa: .eus domeinua komunitate oso bat elkarlotzeko gaitasuna duen tresna baita", azpimarratu du Puntueus Elkarteak.

Amaitzeko, lortutako guztia ospatzeko, datorren ostiralean, ekainaren 21ean, ekitaldia iragarri dute EHUko Paraninfoan, Bilboko Abandoibarran, 13:00ean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea