Gizartea -

Arazoak

'Sekulako' uholdeak Iruñerrian

Gaua bitartean uholdeak espero dira Erriberan. Iruñean, berriz, Argaren ur-maila behera egiten ari da, baina Udalak alerta mantentzea erabaki du.

Arga ibaiak gainezka egin du Iruñerrian. Argazkia: Roberto Camara / Atarrabia
Arga ibaiak gainezka egin du Iruñerrian. Argazkia: Roberto Camara / Atarrabia
Arga ibaia egonkortu egin da Iruñea aldean

1:53

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udalak alerta maila mantentzea erabaki du, azken orduetan Arga ibaiaren mailak behera egin badu ere. 16:00etan izan da maila gorena: 623 metro kubiko segundu bakoitzeko (urtarrilaren 15ean, berriz, 499 metro kubiko segundu bakoitzeko izan ziren).

Eguraldiaren iragarpenak dioenez, ur mailak behera egingo du arratsalde-gau aldera. Hala ere, eurite gehiago izan daitezkeenez, alerta maila mantenduko dute. Iruñeko Udalak arazoa izan diren guneetan ari da lanean.

Iruñeko Udalak aditzera eman duenez, honako kale hauek itxita daude: NA-750 errepidea, San Jorge etorbidean, Magdalena kalea, Miluze kalea, Landaben industrialdeko A kalea, Olata zubia, Larrugin zubia, eta Errotazar, Arbizu eta Bernardino Tirapu kaleak.

Yolanda Barcina Nafarroako presidentea Arrotxapean izan da eta bertan esan duenez,"uholdeak sekulakoak izan dira, inork ez zituen espero, zorionez, ez da kalte pertsonalik izan, eta hori da garrantzitsuena, bihar arte itxaron beharko dugu kalteak zenbatzeko".

Arreta orain Nafarroako Erriberan jarri dute, datozen orduetan eta goizalde partean Arga eta Aragoi ibaiek gainezka egingo dutelako Etxaurin, Garesen, Larragan, Faltzes eta Azkoienen, besteak beste.

Ur-emaria asko hazi da

Azken orduetan gogotik egin du euria, eta, ondorioz, Arga ibaiaren ur-emaria asko hazi da, eta hainbat tokitan gainezka egin du, Iruñean, Atarrabian eta Uharten esaterako.

Ultzama ibaia ere bere bidetik atera da Atarrabian, eta arazo handiak sortu dira, batez ere, Argak eta Ultzamak bat egiten duten gunean.

Euskalmetek jakinarazi duenez, ia ibai guztien ur-emaria gutxituz doa, hala ere, Atarrabian eta Uharten 25 bizilagun etxeetatik atera behar izan dituzte txalupetan.

Uholdeak eta hauek eragin dituzten kalteak urtarrilekoak eta 2007koak baino okerragoak direla esan du Nafarroako Gobernuak ohar batean.

Iruñea

Arratsaldean, Arga ibaiak gainezka egin du Arrotxapea auzoan, Iruñean. Gainera, Arga ibaia eta Errotazar kaleak itxi dituzte, ura bertan delako.

Uholdeak Arrotxapean. Argazkia: EFE

Uholdeak Arrotxapean. Argazkia: EFE

Bestalde, Enrique Maya Iruñeko alkateak, beste zinegotzi batzuekin eta Udaltzaingoaren zuzendariarekin batera, Arga ibaiak urpean utzi dituen tokiak bisitatu ditu eguerdian; izan ere, urtarrilak 15eko maila gainditu du urak. Cuatro Vientos zubian, 5,10 metrora iritsi da Arga, urtarrilean baino 20 zentimetro gehiago.

Gainera, Iruñerriko autobus zerbitzuko hainbat linea (1, 3, 4, 5, 11, 14 eta 21) etenda egon dira.

Atarrabia

Arga ondoan bizi diren hainbat bizilagun etxetik atera dituzte Atarrabian, prebentzio gisa. Paper-fabrika eta igerileku ondoko bizilagunak izan dira kaltedunak.

Ura etxebizitzetara sartu da, eta inguruko bizilagunak isolatuta gelditu dira uholdeen eraginez, eta, badaezpada etxetik atera dituzte, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.

Bestalde, Arga ondoan bizi diren Huarteko, Atarrabiako, Burlatako eta Iruñeko bizilagunei autoak ibai ondotik erretiratzeko eskatu diete.

Uholdeak Atarrabian. Argazkia: Roberto Camara

Uholdeak Atarrabian. Argazkia: Roberto Camara

Euriaren ondorioz, hainbat putzu sortu dira errepidean, eta Nafarroako Gobernuak arretaz gidatzea gomendatzen du.

Zenbait bizilagun txalupaz atera behar izan dituzte Iruñerrian eta helikopteroz ere ebakuatu dituzte herritar batzuk.

Arratsaldeko lehen orduetan euria gutxituz joan da, eta ondorioz, arreta Nafarroa hegoaldean jarri dute; Azkoienen eta Funesen Aragoi eta Arga ibaiek bat egiten baitute.

Arazoak Gipuzkoan, Lapurdin eta Araban

Gipuzkoan, Oiartzunen zehazki, azken 24 orduotan 90 litro egin ditu metro kuadroko. Oiartzun, Urumea, Oria eta Deba ibaien emaria asko hazi da azken orduotan. Hala, alerta laranja ezarri dute Oiartzun, Oria eta Urumea ibaietan, eta abisu horia, berriz, Deba ibaian.

Beasainen hiru solairuko etxebizitza bat jendez hustu behar izan dute, Bista Alai kalean, lur-jausi baten ondorioz.

Lapurdiko errepideetan ere hainbat arazo dituzte. Esaterako, Ezpeletatik Senpererako bidea itxita dago Urdazubi ibaiak gainezka egin duelako. Bidarten hainbat bizilagun etxeetatik atera behar izan dituzte.

Araban ere euriak arazoak eragin ditu, batez ere, Araia, Domeniliaga eta Asparren inguruan.

Euskal Herriko bigarren mailako hainbat errepidetan luiziak izan dira, eta arretaz gidatzea aholkatzen dute agintariek.

Hainbat errepide, itxita

Bigarren mailako errepideei dagokioenez, Pasaiatik Jaizkibelerako igoera (GI-3440 errepidea) erabat itxita dago luizien ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

N-121-A errepidea moztu dute bi norabideetan 27,5 kilometroan gertatu den luzian atzeman dituzten mugimenduengatik, Belateko tunelen parean. Trafikoa NA-1210 errepidetik eta A-15 autobidetik bideratzen ari dira Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez.

Ikusi eitb.com-eko erabiltzaileek bidalitakoa argazkiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea