Gizartea -
Zen4 gimnasioko hilketak
Epaileak kartzelara bidali du Juan Carlos Aguilar
Ustez, Maureen Ada Otuya 29 urtekoa eta Jenny Sofia Rebollo 40 urtekoa hil ditu Bilboko Zen4 gimnasioko jabeak.
Erredakzioa
Epaileak kartzelara bidali du Juan Carlos Aguilar, Maureen Ada Otuya 29 urteko nigeriarra eta Jenny Sofia Rebollo 40 urteko kolonbiarra hiltzea egotzita.
Ustezko hiltzailea arratsaldean sartu dute Basauriko espetxean.
Ada gaur eguerdian hil da, Basurtoko Ospitalean, igandetik koman egon ondoren. Egun horretan, Ertzaintzak Zen4 gimnasioan aurkitu zuen, oso larri. Bestalde, ikerketako iturriek EiTBri jakinarazi diotenez, Jenny Sofia 40 urteko kolonbiarrarenak dira, atzo Juan Carlos Aguilarren gimnasioan eta etxebizitzan aurkitutako gorpuzkinak. Ostiralean hil zuela aitortu zion Juan Carlos Aguilarrek Ertzaintzari.
Emakume kolonbiarrak senitartekoekin azkenekoz iragan ostegunean hitz egin zuen, ahizpa batek adierazi duenez. Gina Rebollo Tuiranek telefonoz azaldu duenez, ama kezkatuta zegoen "Jennyk egunero deitzen zuelako eta ostegunetik ez zuen deitu".
Bilboko Zen4 gimnasioko arduraduna igandea arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak, eta gaur epailearen aurrean deklaratu ostean, kartzelatu egin dute.
Ada Ortuyaz eta Jenny Sofia Rebolloz aparte, Aguilarren biktima gehiago izatea ez du erabat baztertu Ertzaintzak oraindik, eta hipotesi horrekin lanean jarraitzen dutela adierazi du Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak. Hala ere, zentzu horretan frogarik ez dagoela esan du Gabirondok, eta ikerketak luze joko duela gaineratu du.
Bestalde, Aguilar ez da shaolin maisua, ezta monjea ere, Shaolin Temple Spainek, Espainian Txinako Shaolin Tenpluak aitortzen duen zentro bakarrak, azaldu duenez.
40 urteko zigorra ezar diezaiokete
Aurrez pentsatuta eta azpikeriaz bi hilketa egin izanagatik 40 urteko espetxe-zigorra ezar diezaiokete Aguilarri, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.
Ikerketak hilketa bi delitu izan direla baieztatzen badu, aurrez pentsatuta hiltzea eta azpikeria larrigarriak izango lirateke; ondorioz, 20-25 urteko kartzela-zigorrak.
Atxilotua kartzelara bidali dute eta ez dute zentro psikiatriko batean sartu. Honenbestez, Aguilarrek ez zuen sintoma psikotikorik edo arazo psikologikorik ez zuela ondorioztatu daiteke, iturrien arabera.
Elkarretaratzea
Bilboko Udaleko ordezkariek eta herritarrek elkarretaratzea egin dute udaletxeko eskalinatan krimenak gaitzesteko. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean "zero tolerantzia" eskatu dute elkarretaratzean.
Euskadiko elkarte nigeriarrak eta Adaren lagunek elkarretaratzearekin bat egin dute. Protesta ekintza amaitu eta gutxi geroago Ada hil da Basurtuko ospitalean.