Gizartea -
Zen4 gimnasioko krimenak
Juan Carlos Aguilar ez da shaolin maisua
Txinako Shaolin Tenpluko ordezkariek ukatu egin dute Bilboko Zen4 gimnasioko arduraduna shaolin maisua eta monjea dela.
Erredakzioa
Juan Carlos Aguilar, ustez bi emakume hil dituen borroka arteen irakaslea, ez da shaolin maisua, ezta monjea ere, Shaolin Temple Spainek, Espainian Txinako Shaolin Tenpluak aitortzen duen zentro bakarrak, azaldu duenez.
Shi Fu Carlos Alvarez tenplu zentro horretako maisu eta ordezkariak agiri batean zehaztu duenez, Bilboko Zen4 gimnasioko arduradunak "ez ditu betetzen shaolin maisu izateko baldintzak".
"Tamalez, egiaztagiri asko era irregularrean lortzen dira. Gaur egun sasi-maisu asko dago, Txinan egon direlako eta monjeek ikastaro bat eman dietelako maisuak eta norbaiten dizipulu direla uste dute", deitoratu du.
Gainera, Txinako "edozein eskolatan" eta Espainiako "borroka arteen edozein federaziotan" tankera horretako balizko egiaztagiriak eros daitezkeela gaineratu du, baina "benetako ziurtagiriak Txinako Shaolin Tenpluko maisuek" ematen dituztela ohartarazi du.