Gizartea -
Araban
Kalitatezko euskal eskola publikoaren aldeko aldarria, Murgian
Ehunka familia bertaratu dira Arabako herri horretara euskal eskola publikoaren jaian parte hartzeko. Deitzaileek hezkuntzan inbertitzea etorkizuneko bermea dela aldarrikatu dute.
Erredakzioa
Euskal Eskola Publikoaren XXII. jaia ospatu dute gaur Murgian, "Haziak indartu" lelopean.
Ehunka familia bertaratu dira Murgiara, eta "kalitatezko" eskola eta "hezkuntzan inbertitzea etorkizunerako bermea" dela aldarrikatu dute.
Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE) antolatu du gaurko jaia, eta, ohi bezala, egun osoko egitaraua izan da. Goizean izan da irekiera ekitaldia udaletxeko plazan, eta egun osoan zehar hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izan da.
Kale antzerkiak, haurrentzako jolasak, batukadak, artisautza postuak, magia emanaldiak, eta graffiti tailerrak izan dira, besteak beste. Halaber, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek emanaldia izan dute. Bestalde, musikak ere leku garrantzitsua bete du: Astalapo izan da agertokira atera den lehenengo taldea, eta honen ostean Betagarri aritu da.