Gizartea -
Bermeo Suten 2013
Jasotako laguntza guztia eskertu dute Bermeoko sutearen kaltedunek
Bermeoko herriaren, Euskadi osoaren eta beste herri batzuen erantzuna "paregabea" izan da eta "aurrera jarraitzeko" balio izan die.
Erredakzioa
Bermeoko Alde Zaharrean apirilaren 11n sutea izan zen. 'Bermeo Suten 2013' kaltedunen elkarteak jasotako laguntza eta elkartasun guztia eskertu du gaur. Herritarrek, elkarteek, tabernek eta erakundeek azaldutako jarrera eskertu dute kaltedunek; izan ere, laguntzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte.
"Guztiei, bihotzez, laguntza eskertu nahi diegu, egoerari aurre egiteko ezinbestekoa izan delako", azaldu dute.
Elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, Bermeoko herriaren, Euskadi osoaren eta beste herri batzuen erantzuna "paregabea" izan da eta "aurrera jarraitzeko" balio izan die.
Sutea itzaltzeko lanetan parte hartu duten talde guztiei eskerrak eman dizkiete: "Suhiltaileak, Udaltzaingoa eta Bermeoko Babes zibila, Gurutze Gorria eta Gizarte Ongizateko Patronatua". "Une oro erakunde guztien laguntza oso garrantzitsua izan da: Bermeoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza", erantsi dute.
Bestalde, Bermeoko enpresek eta elkarteek "lehen unetik" babesa eman dietela onartu dute. Berton eta Kate Sarea elkarteak, Eroski eta BM supermerkatuak, Colchones Urdaibai eta Buy Urdaibai aipatu dituzte kaltedunek.