Gizartea -
Beste gertakari bat
Espedientea Nafarroako Ospitalean, janarian barraskiloa aurkitu ostean
Urtarriletik hainbat salaketa jaso ditu Nafarroako Ospitaleko sukalde zerbitzuak.
Erredakzioa
Osasun Publikoaren Institutuak espedientea ireki dio Nafarroako Ospitaleko sukalde zerbitzuari, gaixo baten zerba platerean barraskilo bat aurkitu zutela jakin ondoren.
''Gertakaria ikertzen ari gara, eta Osasun Publikoaren Institutuak espedientea ireki du'', azaldu du Juan Luis Sanchez de Muniain Gobernuko bozeramaileak, prentsaurrekoan.
''Nafarroako Osasun Zerbitzuan kontrol guztiak arreta handiz egiten ari dira, eta horrelako gertakariak gertutik jarraitzen ari dira'', azaldu du. Kontseilariak argitu duenez, horien zenbatekoa ''jaitsi'' egin da azken hilabeteotan.
Edonola ere, ez du gertakari berri honek izan dezakeen zigorraren inguruko xehetasunik eman.
Urtarrilean Mediterranea de Catering enpresaren esku geratu zen ospitaleko sukalde zerbitzua, eta, ordutik, hainbat irregulartasun salatu dituzte, tartean janarian kaka arrastoak aurkitu izana.