Gizartea -
Golardoa
Higgsen bosoiaren aitak, Zientziaren Asturiasko Printzea saridunak
Hain zuzen ere, Peter Higgs eta François Englert fisikariek eta CERN zentroak jaso dute saria.
Erredakzioa
Peter Higgs eta François Englert fisikariek eta CERN zentroak Ikerketa Zientifikoaren Asturiasko Printzea saria eskuratu dute.
Partikulen masa bosoi batek (gerora Higgsen bosoia izenarekin izan da ezagun) sortzen duela ondorioztatu zuten bi zientzialari horiek, teorikoki, eta CERN erakundeak frogatu egin zuen iaz.
"Fisikaren arloko enigma sakonetako bat argitzeko helburuz, Europa ahalegin kolektibo bat egiteko gai izan dela erakusten du Higgsen bosoiaren aurkikuntzak", azaldu du sarien epaimahaiak.
François Englertek (Robert Brout fisikariarekin batera) eta Peter Higgsek, norberak bere aldetik, partikulei masa ematen ei dien partikula bat sumatu zuten 1964. urtean. Dena dela, ezin izan zuten frogatu existitzen dela. Ia 50 urteren ostean, iazko uztailean, baina, CERN erakundeak lortu egin zuen, LHC azeleragailu erraldoiaren bidez.
"Ia mende erdiz, Higgsen bosoia aurkitzeko ahaleginek porrot egin zuten, esperimentuek zailtasun tekniko handiak zituztelako", esan du epaimahaiak. Horregatik, CERNek topatu izana "mugarri historikoa" izan zela nabarmendu du.