Gizartea -
Facuaren salaketa
Ordainagiriak birritan kobratu dizkiete bezeroei BBVAren 'akatsagatik'
Ur, elektrizitate eta telekomunikazio konpainia batzuetako hainbat erabiltzaileri birritan kobratu dizkiete ordainagiriak. BBVAtik jakinarazi dutenez, akatsa konpontzen ari dira jada.
Erredakzioa
Facua Espainiako kontsumitzaileen elkarteak eta Consumidores en Accion elkarteek ohartarazi dutenez, BBVAren "akats masibo" bat dela eta, hainbat sektoretako hainbat konpainiaren bezeroei ordainagiriak bi aldiz kobratu dizkiete. Zehazki, ur, elektrizitate eta telekomunikazio konpainia batzuen bezeroei eragin die akatsak.
Helbideratutako ordainagiriak kobratzerakoan gertatu da akatsa eta hainbat banketxetako eta finantza entitatetako bezeroei eragin die erakundeak ohar batean jakinarazi duenez.
Facua BBVArekin harremanetan jarri da gertatutakoa argitzeko, dirua itzultzeko epeak ezagutzeko eta kaltetutako lagunen kopurua jakiteko.
BBVAk ez du kaltetutakoen kopururik eman eta "asteburuko gertakari batengatik helbideratutako ordainagiri batzuk birritan kobratu" direla adierazi du. Hala ere, BBVAtik jakinarazi dutenez, akatsa konpontzen ari dira jada.
Beste enpresa batzuetako (Orange eta Amena tartean) bezeroen salaketak piztu zuen alarma eta "denetan gertatzen zen akats bera" zela ondorioztatu zuten ikerketek.
Facuaren arabera, banku eta aurrezki kutxek ordainagiri horiek baliogabetu behar dituzte, bezeroek ez baitute inolako ardurarik izan.