Gizartea -

Emakunderen datuak

Zenbatu gabeko etxeko lana BPGaren % 29 da Euskadin

2011n kontraturik gabe lan egin zuten 10 lagunetatik 9 emakumeak ziren, 'Euskadiko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko zifrak 2012' txostenaren arabera.

Zenbatu gabeko etxeko lana BPGren % 29 da Euskadin
Zenbatu gabeko etxeko lana BPGren % 29 da Euskadin
Zenbatu gabeko etxeko lana BPGren % 29 da Euskadin

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jarduera profesional gisa jaso gabeko etxeko lana EAEko BPGaren % 29 da, Emakundek kaleratutako 'Euskadiko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko zifrak 2012' txostenak jasotzen duenez. Gainera, kontabilizatu gabeko lan horren % 72 emakumeek egindako lana da.

Emakundeko zuzendaritza kontseiluak aipatu txostena onartu du astelehen honetan. Aurretik, Emakumearen Euskal Erakundeko kontseilu berria osatu dute, Iñigo Urkullu lehendakaria presidente eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, berriz, presidenteorde zirela.

Kontratu motak eta desberdintasunak

Emakumeen lanari dagozkion beste zenbait datu jasotzen ditu txosten horrek, tartean 2011n kontraturik gabe lan egin zuten 10 lagunetatik 9 emakumeak zirela.

Halaber, kontratu iraunkor edo mugagabea zuten emakumeen zenbatekoa gizonezkoena baino txikiagoa izan zen; aldi baterako kontratuen kasuan, berriz, emakumeena gehiago ziren (% 53,7).

Soldata mailan ere, desberdintasuna nabaria da gizonezkoen eta emakumezkoen artean, eta bereziki azpimarratzekoa zuzendaritza postuetan, txostenak azpimarratzen duenez.

Etxeko lanak eta haurren zaintza

Gizonezkoek etxeko lanetan eta haurren zaintzan gehiago parte hartzearen alde zegoen EAEko herritarren gehiengoa (% 96,5), baina errealitateak ez du iritzi horrekin bat egiten, Emakunderen datuen arabera.

Hala, gizonezkoen % 5ek baino ez zuten gurasotasun prestazioa eskatu.

Halaber, azken 15 urteotan emakumeek haurren zaintzari egunean eskainitako denborak 8 minutu egin du gora (gizonen kasuan, 7 minutu). Helduen zaintzari zuzendutakoak ere gora egin du: 4 minutu gehiago emakumeek, eta 2 minutu gehiago gizonek, 1993ko denborarekin alderatuta.

Emakumeek, egunean, gizonek baino bi ordu gehiago eskaintzen dizkiete etxeko lanei, batez beste.

Emakumeen kontrako indarkeria

Txostenaren arabera, halaber, emakumeen kontrako indarkeriaren 4.858 kasu zenbatu zituzten 2011n (3.829 biktima), aurreko urtean baino gehiago (4.285 izan ziren 2010ean).

Abortuak hirukoiztu egin dira azken 17 urteotan

Bestalde, 15 eta 44 urte arteko emakumezkoek egindako abortuen zenbatekoa hirukoiztu egin da 1993tik  2010era, Emakunderen datuen arabera, eta  2010ean, guztira, 3.947 abortu izan ziren EAEn. Abortatu zuten emakumeen % 67 ez ziren aurretik inongo osasun zentrora joan antisorgailuak eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea