Gizartea -
Kerik gabeko XIV. astea
Heriotzen % 13,5 tabakoari egotzi ahal zaizkio Euskadin
Jon Darpon Osasun sailburuak astelehen honetan emandako datuak dira. Mundu mailan, heriotzen bigarren eragilea da tabakismoa, hipertentsioaren ondoren.
Erredakzioa
Euskadin gertatzen diren heriotzen % 13,5 ''tabakoari egotzi ahal zaizkio'', Jon Darpon Osasun sailburuak astelehen honetan emandako datuen arabera. Darponek azpimarratu duenez, mundu mailan, heriotzen bigarren eragilea da tabakismoa, hipertentsioaren ondoren.
Donostian ostiralera arte egingo duten Kerik gabeko XIV. astearen baitan eman ditu datuak sailburuak.
Bertan eskaini duen hitzaldian gogoratu duenez, ''osasun arloan aurre egin beharreko epidemia ekidingarrien artean nagusia'' da tabakismoa.
19 urtetik gorako gizonezkoen artean ohitura horrek izan duen beherakada dela-eta pozik agertu da Darpon, azken urteotan % 51etik % 29ra egin du behera kontsumoak, 19 urtetik gorako gizonezkoen artean. Edonola ere, gizonezkoen heriotzen % 23 tabakoak eragiten duela gogoratu du.
Bestalde, 16 eta 24 urte arteko emakumezkoen kontsumoa gizonezkoenaren gainetik dagoela azaldu du sailburuak.
Tabakoarekiko menpekotasunari aurre egiteko, ''tabakorik gabeko kultura sortu beharra'' azpimarratu du Darponek, eta, horretarako, erretze baimentzen duten espazio publikoen ''desagerpena'' defendatu du.
Ildo horretan, Osakidetzako osasun zentroetan aurten bakarka zein taldeka tabakoa albo batera uzteko programak eskaintzekoa asmoa dutela iragarri du.