Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Amagoia Elezkanoren ustezko hiltzailea espetxera bidali du epaileak
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gizona Zaballako (Araba) kartzelara eraman dute, epaileak espetxeratzeko agindua eman eta gero.
Erredakzioa
Amurrioko (Araba) epaitegietako arduradunak Amagoia Elezkanoren ustezko hiltzailea espetxera bidali du. 49 urteko gizonak ustez 26 urteko emakumea sastatu zuen.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gizona Zaballako kartzelara eraman dute, epaileak espetxeratzeko agindua eman eta gero.
Arratsaldeko lehen orduan atxilotua polizia-etxetik Amurrioko epaitegietara eraman dute.
Amagoia Elezkanoren hileta-elizkizuna bihar izango da, Orozkon (Bizkaia), biktimaren jaioterrian.
Krimena atzo goizaldean gertatu zen, Laudioko etxebizitza batean. Ustezko hiltzaileak arreba bat ohartarazi zuen, krimena gauzatu eta gero, eta horrek deitu zuen Ertzaintzara. Agenteak bertaratu zirenean, biktima, ustezko hiltzailea eta seme jaioberri bat topatu zituzten etxebizitzan. Haurrak ez zuen zauririk.
Bertan, gainera, sukaldeko aizto bat aurkitu zuten, krimena gauzatzeko erabili zuten armatzat jo zutena.
Biktimaren gorpua Gasteizko auzitegi-medikuarenean egon da, autopsia egin ziezaioten, eta gaur arratsaldean erraustu egingo dute Laudioko beilatokian. Familiak eskatuta, ez da hil-kaperarik jarriko eta intimitatean erraustuko dute hilotza.
Hileta-elizkizuna
Hileta-elizkizuna bihar izango da, Orozkoko elizan, 19:00etan.
Amagoia Elezkanoren hilketa kolpe gogorra izan da Laudioko eta Orozkoko herritarrentzat, eta atzo elkarretaratzeak egin zituzten hilketa salatzeko eta familiari elkartasuna adierazteko.
_______________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu, kontsultatu tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeentzako gida, edo informatu 016 edo 900 840 111 telefono zenbakietan. Doakoak dira eta ez dute aztarnarik uzten fakturan.