Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Amagoia Elezkanoren hileta-elizkizuna bihar izango da, Orozkon

Gorpua gaur erraustuko dute, intimitatean, familiak hala eskatuta. Bestalde, ustezko hiltzailea epailearen esku utzi dute.

Hilketa salatzeko orozkon egin zuten elkarretaratzea. Argazkia: EiTB
Hilketa salatzeko orozkon egin zuten elkarretaratzea.
Hilketa salatzeko orozkon egin zuten elkarretaratzea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amagoia Elezkano atzo ustez senarrak labankadaz hil zuen emakumearen hileta-elizkizuna bihar izango da, Orozkon (Bizkaia), biktimaren jaioterrian.

Krimena atzo goizaldean gertatu zen, Laudioko etxebizitza batean. Ustezko hiltzaileak arreba bat ohartarazi zuen, krimena gauzatu eta gero, eta horrek deitu zuen Ertzaintzara. Agenteak bertaratu zirenean, biktima, ustezko hiltzailea eta seme jaioberri bat topatu zituzten etxebizitzan. Haurrak ez zuen zauririk.

Bertan, gainera, sukaldeko aizto bat aurkitu zuten, krimena gauzatzeko erabili zuten armatzat jo zutena.

Biktimaren gorpua Gasteizko auzitegi-medikuarenean egon da, autopsia egin ziezaioten, eta gaur arratsaldean erraustu egingo dute Laudioko beilatokian. Familiak eskatuta, ez da hil-kaperarik jarriko eta intimitatean erraustuko dute hilotza.

Hileta-elizkizuna

Hileta-elizkizuna bihar izango da, Orozkoko elizan, 19:00etan.

Amagoia Elezkanoren hilketa kolpe gogorra izan da Laudioko eta Orozkoko herritarrentzat, eta atzo elkarretaratzeak egin zituzten hilketa salatzeko eta familiari elkartasuna adierazteko.

Ustezko hiltzailea, epailearen aurrera

Bestalde, biktimaren senarra, ustezko hiltzailea, komisariatik Amurriora eraman dute, epailearen aurrean deklaratzera.

_______________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu, kontsultatu tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeentzako gida, edo informatu 016 edo 900 840 111 telefono zenbakietan. Doakoak dira eta ez dute aztarnarik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea