Gizartea -
Hezkuntza erreforma
Erreformaren adostasun mailarekin pozik ez dagoela aitortu du Wertek
Oinarrizko akordio bat bilatuko duela adierazi du, baina ebaluazioei ezin zaie uko egin, ministroaren hitzetan. ''Euskadiko sistema arrakasta eredua da'', esan du Wertek, Senatuan.
Erredakzioa
LOMCE Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak lortu duen adostasun mailarekin pozik ez dagoela aitortu du astearte honetan Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak Senatuan, haren hitzetan, ''hezkuntza arloko lege batek adostasun handiagoa behar'' duelako.
Hala, hezkuntza mailako oinarrizko elementuak ''gorabehera politikoetatik at'' uzteko oposizioarekin oinarrizko akordioa bilatuko duela adierazi du, baina, hala ere, ebaluazioei ezin zaiela uko egin aurreratu du ministroak.
Senatuko saioan, PSOEren, EAJren eta CiUren galderei erantzun behar izan die ministroak, eta PPk ''beharrezkoak diren ahalegin guztiak'' egingo dituela azpimarratu du, ''hartu-eman informalekin eta formalekin''.
Wert: ''Euskadiko sistema arrakastaren eredua da''
Rut Martinez EAJko senatariak ''elkarrizketarako asmo'' hori Kongresuan agerian uztea eskatu dio Wert ministroari, eta ez du baztertu legeari betoa jartzea ere. Hezkuntza mailan EAEn alderdiek lortutako adostasuna azpimarratu du Martinezek, eta, horri erantzunez, Wertek esan du ''Euskadiko sisteman beste erkidego batzuetan eredu izan daitezkeen elementu asko'' daudela. ''Euskadiko sistema arrakasta eredua da'', gaineratu du ministroak.
Hizkuntza koofizialak
Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak hizkuntza koofizialei eraso egitea "faltsua" dela esan du ministroak Senatuan agerraldia egin aurretik, eta auzi horretan "erreakzio gehiegi" egon direla kritikatu du.
"Gezur hutsa da erreformarekin hizkuntza koofizialei eraso egiten zaiela esatea", adierazi du Wert ministroak eta legeak "Auzitegi Konstituzionalak agintzen duen bezala, gazteleraz ikasi nahi duten ikasleek Espainia osoan egin ahal izatea bermatzen du", azpimarratu du.
"Konstituzionalak agintzen duenari zehatz-mehatz eutsi diogu", ziurtatu du Hezkuntza ministroak Madrileko Foroan, popularrek antolatu duten eta Esperanza Aguirre Madrileko presidente ohiak aurkeztu duen topagunean.
Halaber, erkidego batzuek, EAEk eta Kataluniak esaterako, dagoeneko helegitea jarriko dutela esan izana "goiztiarra" iruditzen zaiola esan du.
Gallardonen esanetan, abortuaren arrazoia ezin izango da inoiz ''minusbaliotasuna'' izan
Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroa ere Senatuan izan da astearte honetan, eta, bertan abortuaren arrazoia ezin izango dela ''inoiz'' pertsona baten minusbaliotasuna izan esan du, horrek ''lehen mailako eta bigarren mailako'' pertsonak sortuko lituzkeelako.
Hitz horiekin erantzun dio Monica Almiñana Entesako senatariak egindako galderari. Abortuaren legearen erreforma beharrezkoa ez dela esan dio Almiñanak Gallardoni, eta ministroak, bestalde, 2010eko legeak Auzitegi Konstituzionalaren doktrina urratzen duela erantzun dio. Hala, Justizia Ministerioa prestatzen ari den erreforma ez da epe sistema bat izango, ''argibide sistema bat baino'', Gallardonek azpimarratu duenez.
Ministroak gaineratu du Espainia legedia aldatzera behartuta dagoela, urritasunen bat duten pertsonen eskubideen inguruan NBEren hitzarmenarekin bat egiteko.