Gizartea -
Protesta Legebiltzarrean
Corrugadoseko langileek lantegia babesteko eskatu diote Jaurlaritzari
Corrugados Azpeitiako langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren atarian euren lanpostuak defendatzeko eskatuz.
Erredakzioa
Corrugados Azpeitiako langileek elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren atarian, euren lanpostuak babesteko eskatuz.
Eusko Jaurlaritzari euskal industria sarea babesteko "esku har" dezala eskatu diote Azpeitiko lantegiko langileek.
Elkarretaratzean 100 bat pertsonak parte hartu dute, lehenik Eusko Legebiltzarreko eraikinaren atarian egin dute protesta, eta ondoren, BBVAren bulegora joan dira "Corrugadosek bizi behar du" eta "Negoziaketa erreal bat orain!" jartzen zuen pankarta batekin.
Gallardo Taldeak Azpeitiko lantegia Jerezera (Cadiz) eraman nahi duela salatu dute langileek hedabideen aurrean.
Datorren ostegunean enpresa ixteko Lan Erregulazio Txostenaren inguruko azken kontsulta egingo dute Madrilen eta langileek iritzi diote "enpresak beste proposamen bat ekartzen ez badu" Gipuzkoako fabrikako "300 langileak kaleratu egingo" dituztela.
Jaurlaritzari "beste toki batera begiratzen ez jarraitzeko" eskatu diote langileek eta industria sarea babesteko esku har dezala eskatu diote.
Halaber, BBVAren "joko zikina" salatu dute, langileen iritziz, finantza erakundea "dibidenduak banatzeko helburuarekin, eskualdeko industria egitura aldatzeko prest dago".
"Tristeena zera da: etorkizuna duen enpresa bat hiltzen utziko dutela", azpimarratu dute, eta euren lanpostuen alde "borrokan" jarraituko dutela adierazi dute.